«Gai hunekin politikaren sinesgarritasuna da jokoan»
ANDDE SAINTE-MARIE
Militante abertzale sozialista
Euskal kirol selekzioen ofizialtasunaz
Andde Sainte-Marie
Euskal kirol selekzioen onarpena ez da oraiko eztabaida. Badu 50 urte kirol arduradun batzuk, guziz zangobaloiekoak eta pilotakoak, ari direla euskal kirol erakunde ofizialak sortu nahiz. Hara zein diren ofizialtasun hori lortzeko trabak eta zein litzatekeen atekatik ateratzeko bidea.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuko presidente izendatzeko PSOEk hainbat akordio politiko behar izan ditu izenpetu. Horien artean bat EAJrekin zointan 11garren punduan gobernuburu berriak konpromisoa hartzen duen “legegintzaldian Euskadiren ordezkaritza ofizial bilakatzen kirol selekzioen bitartez..” Funtsean azken EAEko hauteskunde autonomikoetan Euskal Herria Kirola ekimenak bultzaturik, hainbat alderdi politikoek aukera izan zuten beren ikusmoldea emaiteko euskal kirol selekzioen ofizialtasunaz.
Dudarik ez gaiak baduela alde emozional sinboliko bezain politikoa EAEtik haratago, Euskal Herri osoan ere. Gauza jakina da gaia sistematikoki EAJ-PNV eta EH Bilduren alde programatikoetan agertzen dela, helburua izanki Madrilerat eta nazioarteko kirol federazioetarat eskaera politikoa eramaitea. Haatik aldi huntan bi alderdi abertzaleetaz haratago (Gazteizko parlamentuko ordezkaritza politikoaren %70a ) PSE eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiak ere singularki hurbildu dira bakotxa bere moldean ofizialtasun eskaera horri, soilik utziz ezetzkoan bi alderdi unionista espainiar ultraeskuindarrak.
Gehiengo politikoa alde
Azpimarratzekoa da lehen aldikotz PSEk (Gasteizko parlamentuko 3 garren indar politikoa) idatziz hartutako erabakia gai huni buruz. Hauxe dio eukarazko bertsioak “Euskal Sozialistek errespetatu eta babestu egiten ditugu nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko ekintzak abian jarri dituzten Euskadiko kirol federazioek, beren borondatez eta autorregulazioko esparru pribatuaren barruan bultzatutako ekimen guziak”. Bere aldetik Elkarrekin Podemosek hauxe dio “Argiki erakutsi nahi dugu gure babesa euskal kirolaren aldarrikapenari, haren hedapenari, ofizialtasunari eta nazioartekotzeari. Nazioarteko lehiaketetan nahi duten euskal selekzioen parte hartzea eskatzen dugu”. Lehen aldikotz hain argi mintzatzen dela Pablo Iglesiasen euskal adarra. Hau guzia aztertuta eta kondutan hartuz EAEko parlamentuko lau alderdi nagusiek hartutako posizionamenduak, ezinago argiki azpimarra daiteke euskal selekzioen nazioarteratzeko ofizialtasun eskaerak gehiengo politiko haundi bat ordezkatzen duela. Funtsean parlamentu autonomikoaren %90a.
Interesa baluke jakitea ea eskakizun horrek sustengu herrikoi berdintsua ba ote duen egiazki jendartean, zer noraino sustraitua ote den herritarren baitan, sentsibilitate politiko ezberdinetako herritarren baitan, baita bozkatzerat joaiten ez direnen baitan ere zergatik ez. Aburu ikerketa aski interesgarria balitaike egiteko, beti ere eskakizunari beste leiho bat idekitzeko.
Interesa baluke jakitea
ea eskakizun horrek sustengu herrikoia ba ote duen
egiazki jendartean,
zer noraino sustraitua ote den herritarren baitan,
sentsibilitate politiko ezberdinetako herritarren baitan.
Azpimarratzekoa da berriz ere PSEren erabakia gai huni buruz, ez baitezpada Gasteizko parlamentuko bere ordezkaritza kantitatibo edo kualitatiboari begira bainan bai haatik ikusiz alderdi berak duela gauregun kudeatzen Espainiako gobernua.
Akordioak lege bihurtzearen premia
Hau guzia erranez heldu gira berriz kronika hunen hastapenean aipatutako PSOE eta EAJ/PNVren arteko akordioarat. Akordio horren zehaztapenetan sartuz ohartzen gira Euskal selekzioen ofizialtasuna legezkoa bilakatzeko 1990a urtean bozkatutako Espainiako Kirol Legea aldatu behar duela Pedro Sanchezen gobernuak, eta hori guzia aski ez balitz bezala denbora labur barne, justu hiru urte baino gehixeago gelditzen baitzaizkio. PSOEk Madrileko kongresuan lege proiektu bat atera aintzin pentsatzekoa da lege berri horren konstituzionaltasuna bermatu nahiko duela koherentea izaitekotan bederen, hortarako beharko dituelarik lehenik hainbat estadoko aparatuetako filtro konstituzional, juridiko ta funtsean politikoak pasatu. Ikusita zer nolako indar eskuindar eta kontserbadore itsu edo okultoak badauden gaur egun oraindik Madrileko hainbat erabakiguneetan, erran daiteke sobera ezkor izan gabe, hiru urte ez dela soberakin izanen EAEko lau alderdi politikoek eta PSOE/ EAJ akordioaren 11 garren punduan adostutako eskakizun hori gauzatzeko eta lege bihurtzeko.
Eta ez dut pentsatzen hasi nahi ere Madrileko filtro mota guziak pasatu eta gaindituta gero, agian nazioarteko beste mota batzutako beste hainbeste ere pasa beharko dituela. Egiazko maratoia, hesiz betatakoa gainera. Interresgarria izanen da ikustea Euskal Herritik hea eskakizun hori, adostu eta izenpetu akordio politiko hori errealki bultzatuko eta akulatuko duten EAJ/PNVk, EH Bilduk, PSE/PSOEk eta Elkarrekin-Podemosek, bai Gasteizko parlamentutik eta bai Madrileko kongresutik. Akordioak izenpetzea gauza bat da, akordioak gauzatzea eta lege bihurtzea beste bat.
Berriz ere gai hunekin politikaren sinesgarritasuna da jokoan. Egitekoak erran eta erranak egin.
Gasteizko Maratoi Erdia, abenduaren 19an
2020ko etenaldiaren ostean, probaren 43. ediziorako data zehaztu berri dute antolatzaileek
Eibar-Alaves, larunbatean
Arratsaldeko 14:00etan hasiko da, Ipurua futbol zelaian. V. Euskal Herria Txapela 2020/21 edizioaren hamazortzigarren partida izango da
Bueltan da Hiru Haundiak mendi-lasterketa
Iaz atzeraturiko XXII. edizioa urriaren 19an lehiatuko da