EUSKAL PILOTA
Profesionalak ez diren pilota txapelketa guztiak bertan behera
Argazkia: emakumemastercup.eus
Federazioek antolatutako txapelketa ofizialak eta bestelako lehiaketak (Bankoa&DV, Olazar, Biharko Izarrak, Emakume Master Cup, Kepa Arroitajauregi Memoriala eta Euskal Herriko kluben arteko Nazionalak) eten egin dira. Pilota profesionalak aldiz, momentuz aurrera egingo du pilotarien eta entrepresen artean lorturiko akordioari esker.
Lakuak eta Nafarroako Gobernuak ezarritako debekuen ostean, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako federazioek bertan behera utzi dituzte jokoan ziren lurraldeetako txapelketak eta torneo pribatu gehienek ere erabaki berdina hartu dute, pandemiaren egoerak hobera egin arte.
Horixe da Bankoa&DV, Zaldibarko Olazar eta Mallabiko Biharko Izarrak torneoen kasua. Hiru txapelketa hauetan bi astez eteteko hautua hartu dute, baina ahal bezain pronto berriro ekiteko asmoa agertu dute. Abadiñon jokatzen ari zen Kepa Arroitajauregiren Omenezko trinkete txapelketak ere antzeko hautua egin du, baina kasu honetan inolako eperik ezarri gabe.
Emakumezkoen kasuan, Laboral Kutxa Emakume Master Cup lau eta erdiko txapelketa hastekoa zen aurreko asteburuan, baina zenbait pilotari etxean konfinatuta eta Nafarroako eta Errioxako pilotariak euren lurraldeetatik irten ezinda, lehen jardunaldi hori jokatzeke utzi zuten.
Azkenik, udaberrian ere bere jarduna eten behar izan zuen Euskal Herriko Kluben Arteko Nazionalak 2021eko udaberrira arte atzeratu ditu jokatzeke geratzen zaizkion hiru jardunaldiak.
Eusko Jaurlaritzaren kasuan adibidez, 2020ko urriaren 26ko 36/2020 dekretuak COVID-19ak eragindako osasun-krisiari aurre egiteko murrizketa berriak ezarri zituen kirol jarduerari dagokionez:
-Eten egiten da profesionala edo erdi-profesionala ez den talde federatuen lehiaketa, bai eta 2007. urtean eta hurrengoetan jaiotako ikasleek parte hartzen duten eskola-kiroleko lehiaketak ere. Eusko Jaurlaritzak baimena eman bezain pronto berrekingo zaie lehiaketei.
-Talde federatuen edo eskolakoen kirol-entrenamenduak baimenduta daude, seiko taldeetan.
-Basque Team-eko kirolari eta teknikariek eta goi-mailakotzat jotzen diren kirolariek lehiatzeko eta baita entrenatzeko aukera izango dute, taldeak mugatu eta mugikortasuna murriztu beharrik gabe.
Abian da 4 1/2ko Eskuz banakako Emakume Master CUP txapelketa
Pasa den igandean eman zitzaion hasiera txapelketari, Larrabetzun, Santurtzin eta Zaragozan jokatutako aurrekanporaketekin
Bizkaia 2 taldeak irabazi du Euskal Herriko Bote Luzeko txapelketa
Bosgarren edizio honetako finalean, Bizkaia 1 taldeari erraz nagusituta (12-2)
Goikoetxeak eta Irastorzak irabazi dute Grand Slam txapelketa
Finalean Beaskoetxea eta Lopez bikoteari 14-15, 15-8 eta 5-3 irabazita