EUSKAL PILOTA
Plazaz Plazaren jardunaldi bikoitza jokatu zen asteburuan
Ados pilota elkarteak antolatutako Plazaz Plaza txapelketako jardunaldi bikoitza jokatu zuten asteburuan, larunbatean Oñatin eta igandean Areson
Larunbateko pilota jaialdian, hasteko Maddalen Etxegarai herritarren aurrean ibili zen Leire Galeanorekin batera, Maddi Barrokal eta Miriam Arraizaren aurkako partida ederrean.
Plazaz-Plaza txapelketako partiduan Uxue Osesek ere ez zuen herritarren animorik falta izan, jende asko hurbildu baitzen bertara (110 pertsonako gehienezko aforoa baimenduta zegoen), baina hala ere azkenean Salsamendi-Orbegozo bikotea izan zen garailea, A.Aldai-Oses aurkariei 22-13 irabazita. Aipatzekoa da, emaitza jaso ondoren jendearen eskaera zela eta 25era jarraitu zutela pilotariek.
Bestalde, Plazaz Plaza txapelketako partida jokatu zuten igande eguerdian, 12:00etan hasita Aresoko pilota plazan, Iera Agirre eta Aldai, Ruiz Infante eta Ruiz de Larramendireren kontra aritu zirelarik. Pilota jaialdia hasteko, bertako eta bailarako nesken arteko pilota partidua jokatu zuten, Erika herritarren aurrean ibili zelarik Goiurirekin batera Leire ta Maddiren aurka.
Jarraian, norgehiagoka gogorra eta polita jokatu zuten partidu nagusiko lau pilotariek, beroari aurre eginda gogotik saiatu zirelarik tanto bakoitza beraien aldera eror zedin. Amaieran Agirre-G.Aldai bikoteak eskuratu zuen garaipena R.Infante-O.Ruiz de Larramendi bikoaren aurka (22-17).
Plazaz Plaza Txapelketa
Zortzi bikotek lehiatuko dute Plazaz-Plaza txapelketa, eta bi multzotan banatuta arituko dira kanporaketetan. Talde edo multzoko onenak zuzenean finalerdietara sailkatuko dira (uztailaren 31n jokatzea aurreikusita dago), eta talde bakoitzeko bigarren eta hirugarren sailkatuek final-laurdenak lehiatuko dituzte uztailaren 24an eta 25ean. Finala, berriz, abuztuaren 14an izango da.
Erremontearen Eguna ospatu da Galarretan
Endika Barrenetxeak lortu zuen Urrezko Erremontea Saria aurrenekoz eta Estelarrean Juanenea-Ezkurra-Ion hirukoteak 40-35 irabazi zion Urriza eta Barrenetxeak osaturiko bikoari
Aurrera doa Emakume Master Cup Txapelketa
Astebukaeran, Getarian eta Pasaian jokatuko dira final-laurdenak, pilota goxuan zein mistoan
Neska xarelariak lehenengo aldiz jokatu dute Iparraldean
Naroa Goenaga-Nahia Gorriti eta Nora Galartza-Irati Fernandez bikoek xarearen historian beste urrats bat eman zuten