EUSKAL PILOTA
Plazandreak Udako Torneoaren hirugarren jardunaldia jokatu da
Estrategia aldaketak eta Maite Ruiz de Larramendiren lan onak lehen puntua eman diote Naroa Elizalderen taldeari
Laboral Kutxa Udako Torneoko hirugarren jardunaldia lehiatu zen iragan ostegunean, Irungo Uranzu pilotalekuan, Andrea Aldaregia-Olatz Ruiz de Larramendi-Naroa Agirre eta Ainhoa Ruiz de Infante-Maite Ruiz de Larramendi-Leire Garairen taldeek neurtu zituztelarik indarrak.
Naroa Elizaldek zuzentzen duen taldeak LABORAL KUTXA Udako Torneoko lehen puntua eskuratu zuen, lehen partidan oso aldapa gora jarri zaion jaialdiari buelta emanda. Orain arteko bi jardunaldietan punturik batu gabeko bi taldeen arteko neurketa zen honakoa eta buruz burukoan Naroa Agirreren garaipenak aurretik jarri baditu ere, Erlantz Garciaren nesken markagailuak hutsean jarraitzen du. Hori bai, beste behin, emozioak azken partidara arte iraun du.
Aurreko asteetan gertatu ez bezala, Naroa Elizaldek estrategiaz aldatu eta lehen partidako emaitza ikusita –Ainhoa Ruiz de Infantek 12-6 galdu zuen kaiolan– Maite Ruiz de Larramendiren esperientziaren aldeko apustua egin zuen. Eulatekoak binakakoa eta lau eta erdiko bigarren partida jokatu zituen jarraian eta bietan erraz xamar nagusituta, jardunaldia aurrera atera ahal izan zuten. Aurreko astean buruz buruko bi partidak galdu zituen Leire Garai izan du lagun atzelari nafarrak eta aise nagusitu dira Andrea Aldaregia eta bere iloba Olatz Ruiz de Larramendiren aurka 12-6, nahiz eta partida erdira arte gauzak estu xamar joan diren.
Hirugarren astez jarraian, puntua azken neurketan erabaki zen, baina ez zireb lehen partidako protagonistak errepikatu. Atsedena hartzeko aukera izan zuen arren, Naroa Agirrek ez zuen lehen partidako lan ona errepikatzerik izan eta Maite Ruiz de Larramendiren sendotasuna nagusitu zen, kasu honetan ere, 12-6ko emaitzaz.
Plazandreak Udako Torneoaren hirugarren jardunaldiko emaitzak:
Naroa Agirre 12 VS Ainhoa Ruiz de infante 6
Andrea Aldaregia-Olatz Ruiz de Larranendi 6 VS Leire Garai-Maite Ruiz de Larramendi 12
Naroa Agirre 6 VS Maite Ruiz de Larramendi 12
PLAZANDREAK-LABORAL KUTXA UDAKO TORNEOA
Pilota mistoko modalitatean lehiatuko da txapelketa eta banaka zein binaka jokatuko dituzte partida motzak, hamabi tantora.
Hamabi pilotarik hartuko dute parte, lau taldetan banatuta, bakoitzak entrenatzaile edo arlo teknikoko arduradun bat izango duelarik. Erlantz Garciaren taldean, Andrea Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirre izango dira; Reyes Azkoitiak gidatuko du Irantzu Etxebeste, Nora Mendizabal eta Olatz Arrizabalagak osaturiko taldea; Naroa Elizaldek, Ainhoa Ruiz de Infante, Maite Ruiz de Larramendi eta Leire Garai izango ditu bere agindupean, eta azkenik, Mikel Inuntziaga, Iera Agirre, Arrate Bergara eta Amaia Aldairen aholkularia izango da.
Jaialdi bakoitzean hiru partida lehiatuko dira, lehenengoa eskuz banaka lau eta erdian, ondoren binaka, eta, bukatzeko, eskuz banakako beste neurketa bat kaiolan. Astero egingo diren ekitaldi hauetan, bi taldek neurtuko dituzte indarrak eta irabazleak hiru puntu eskuratuko ditu.
Orotara bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek, hasierako ligaxkan sei jaialdi eta ondoren bi finalerdiak eta finala –hirugarren posturako lehia ere izango da.
Ligaxkako sei jardunaldiak telebista plato bihurtuko den Irungo Urantzu pilotalekuan jokatuko dira, ostegunero, publikorik gabe, eta egun horretan bertan emango dute ETB1en eta Eitb.eus atarian saioa, 22:30ean hasita. Iñigo Aiestaran izango da programaren aurkezlea, Elena Azpeitiak eta Gentzane Aldaik lagunduta.
Ligaxka amaitzerakoan, finalerdien txanda izango da, abuztuaren 13an eta 20an oraindik zehaztu gabeko egoitzan, non pilotari guztiek parte hartuko duten. Ligaxkako sailkapenaren lehenak laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren kontra, lehia bakoitzaren irabazleak abuztuaren 27an lehiatuko den finalerako txartela eskuratuko duelarik.
91. Villabona vs Hazparne errebote partida
1930. urtean hasitako partidari eutsiko diote aurten ere Amasa-Villabonan
Plazandreak Torneoko laugarren jardunaldia lehiatu berri da
Reyes Azkoitiaren taldeak hartu du lidertza jardunaldi ikusgarri baten ostean
Laudio eta Amurriok jokatuko dute Arabako Herriartekoaren finala
Laudio eta Amurrio Gasteiz eta Aramaioren aurka nagusitu ziren, 2-1eko emaitzarekin finalerdi bietan