EUSKAL PILOTA
Plazandreak Udako Torneoaren finalerdiak zehaztuta geratu dira
Laboral Kutxa Udako Torneoa azken txanpan da eta pasa den ostegunean ligaxkako seigarren eta azken jardunaldia jokatu zen Irunen, finalerdiak nola geratuko diren zehaztu zuena.
Ainhoa Ruiz de Infante, Maite Ruiz de Larramendi eta Leire Garaik osatzen duten Naroa Elizalderen taldeari ez zitzaion nahikoa izan garaipena (2-1) sailkapenean gora egiteko eta hirugarren tokian amaitu dute, baina argi geratu da gauzak oso berdinduta daudela, lehen hiru taldeak bi puntura berdinduta amaitu dute eta. Hori bai, lehen ligaxka honetan partida gehiago irabazteagatik, Reyes Azkoitiaren taldeak lehen postuari eutsi ahal izan dio, Olatz Arrizabalagak Maite Ruiz de Larramendi lau t’erdikoan mendean hartu eta gero (12-3).
Lehen buruz burukoan Olatz Arrizabalagak Maite Ruiz de Larramendiri uste baino askoz errazago irabazi dio (2-12) eta esan bezala, garaipen horrekin lehen postua ziurtatu zuten azkoitiarraren neskek.
Ezer bada, Eulateko pilotaria lehiakorra da eta azkar atera ahal izan du arantza Maite Ruiz de Larramendik, Ainhoa Ruiz de Infante lagun, 12-6 irabazi baitiete Irantzu Etxebeste eta Nora Mendizabali.
Emaitza honekin dena erabakita geratu da eta Leire Garaik Irantzu Extebesteri 12-3 irabazi dion arren, ligaxkan zehar izandako tanto aldeak bigarren postua eman die Mikel Inuntziagaren neskei.
Reyes Azkoitiaren taldea vs Erlantz Garciaren taldea eta Mikel Inuntziagaren taldea vs Naroa Elizalderen taldea izango dira beraz datozen bi ostegunetan jokatuko diren Laboral Kutxa Udako torneoaren finalerdiak.
Plazandreak Udako Torneoaren seigarren jardunaldiko emaitzak:
Maite Ruiz de Larramendi 2 vs Olatz Arrizabalaga 12
Ainhoa Ruiz de Infante-Maite Ruiz de Larramendi 12 Vs Irantzu Etxebeste-Nora Mendizabal 6
Leire Garai 12 Vs Irantzu Etxebeste 3
Sailkapen nagusia:
POSTUA TALDEA JOKATUTAKOAK IRABAZITAKOAK PUNTUAK
1 Reyesen Taldea 3 2 +3 (86)
2 Mikelen Taldea 3 2 +1 (96)
3 Naroaren taldea 3 2 +1 (74)
4 Erlantzen Taldea 3 0 -5 (55)
PLAZANDREAK-LABORAL KUTXA UDAKO TORNEOA
Pilota mistoko modalitatean lehiatuko da txapelketa eta banaka zein binaka jokatuko dituzte partida motzak, hamabi tantora.
Hamabi pilotarik hartuko dute parte, lau taldetan banatuta, bakoitzak entrenatzaile edo arlo teknikoko arduradun bat izango duelarik. Erlantz Garciaren taldean, Andrea Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirre izango dira; Reyes Azkoitiak gidatuko du Irantzu Etxebeste, Nora Mendizabal eta Olatz Arrizabalagak osaturiko taldea; Naroa Elizaldek, Ainhoa Ruiz de Infante, Maite Ruiz de Larramendi eta Leire Garai izango ditu bere agindupean, eta azkenik, Mikel Inuntziaga, Iera Agirre, Arrate Bergara eta Amaia Aldairen aholkularia izango da.
Jaialdi bakoitzean hiru partida lehiatuko dira, lehenengoa eskuz banaka lau eta erdian, ondoren binaka, eta, bukatzeko, eskuz banakako beste neurketa bat kaiolan. Astero egingo diren ekitaldi hauetan, bi taldek neurtuko dituzte indarrak eta irabazleak hiru puntu eskuratuko ditu.
Orotara bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek, hasierako ligaxkan sei jaialdi eta ondoren bi finalerdiak eta finala –hirugarren posturako lehia ere izango da.
Ligaxkako sei jardunaldiak telebista plato bihurtuko den Irungo Urantzu pilotalekuan jokatuko dira, ostegunero, publikorik gabe, eta egun horretan bertan emango dute ETB1en eta Eitb.eus atarian saioa, 22:30ean hasita. Iñigo Aiestaran izango da programaren aurkezlea, Elena Azpeitiak eta Gentzane Aldaik lagunduta.
Ligaxka amaitzerakoan, finalerdien txanda izango da, abuztuaren 13an eta 20an oraindik zehaztu gabeko egoitzan, non pilotari guztiek parte hartuko duten. Ligaxkako sailkapenaren lehenak laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren kontra, lehia bakoitzaren irabazleak abuztuaren 27an lehiatuko den finalerako txartela eskuratuko duelarik.
Urriza eta Zubirik pauso handia eman dute sailkatzerako bidean
Sagardoaren Txapelketako laugarren jardunaldian, Aldabe eta Larrañaga 30-17 mendean hartu ondoren
Laxoa txapelketako bosgarren jardunaldia lehiatu da
Datorren asteburuan errekuperazio jardunaldia izango da eta horrekin ligaxkako lehen itzulia amaituko da
Nafarroa Foru Komunitatea txapelketa azken txanpan sartu da
Atarrabiako jardunaldi bikoitzak eskuzko txapeletarako ibilbide orria definitu du