EUSKAL PILOTA
Plazandreak Torneoko laugarren jardunaldia lehiatu berri da
Reyes Azkoitiaren taldeak hartu du lidertza jardunaldi ikusgarri baten ostean
Laboral Kutxa Udako Torneoaren laugarren jardunaldian txapelketaren lidertza zuten jokoan, Iera Agirre, Arrate Bergara eta Amaia Aldaik osatzen duten Mikel Inuntziagaren taldeak eta Reyes Azkoitiaren aginduetara arituko diren Irantzu Etxebeste, Nora Mendizabal eta Olatz Arrizabalagak.
Bi talde hauek garaipena lortua zuten orainarte bakoitzak jokatutako jardunaldi bakarrean eta, beraz, irabazleek sailkapenaren lehenengo postua eskuratuko zuen.
Azkenean, Olatz Arrizabalaga, Irantzu Etxebeste eta Nora Mendizabalek osatzen duten Reyes Azkoitiaren taldea da LABORAL KUTXA Udako Torneoaren lider berria Irunen jokatutako laugarren jardunaldi ikusgarriaren ostean.
Gezurra dirudien arren, 3-0eko emaitzarekin amaitu den lehen jardunaldi hau izan da orain arte jokatutakoen artean orekatuena, partida guztiak oso lehiatu eta berdinduak izan dira eta.
Bereziki ikusgarriak izan dira Olatz Arrizabalagak eta Amaia Aldaik kaiola barruan jokatutako bi partidak. Bi bizkaitarrek sekulako joko erakustaldiak eman dituzte eta markagailuan gorabehera asko izan dira bi partidetan. Puntuak edozein aldetara eror zitezkeen, baina Olatz Arrizabalaga zuzenago aritu da bi partida amaieretan eta agian horrek eman dio garaipena bi kasuetan (12-10 lehen partidan eta 12-11 hirugarrenean).
Bi lehia hauen artean binakako partida jokatu da eta hemen ere garaipena Reyes Azkoitiaren talderentzat izan da, baina Irantzu Etxebeste eta Nora Mendizabalek ere izerdi ugari egin behar izan dute Iera Agirre eta Arrate Bergarari 12-8 irabazteko.
Plazandreak Udako Torneoaren laugarren jardunaldiko emaitzak:
Olatz Arrizabalaga 12 vs Amaia Aldai 10
Irantzu Etxebeste-Nora Mendizabal 12 vs Iera Agirre-Arrate Bergara 8
Olatz Arrizabalaga 12 vs Amaia Aldai 11
Sailkapen nagusia:
POSTUA TALDEA JOKATUTAKOAK IRABAZITAKOAK PUNTUAK
1 Reyesen Taldea 2 2 +4 (65)
2 Naroaren Taldea 2 1 0 (48)
3 Mikelen taldea 2 1 -2 (60)
4 Erlantzen Taldea 2 1 -2 (43)
PLAZANDREAK-LABORAL KUTXA UDAKO TORNEOA
Pilota mistoko modalitatean lehiatuko da txapelketa eta banaka zein binaka jokatuko dituzte partida motzak, hamabi tantora.
Hamabi pilotarik hartuko dute parte, lau taldetan banatuta, bakoitzak entrenatzaile edo arlo teknikoko arduradun bat izango duelarik. Erlantz Garciaren taldean, Andrea Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirre izango dira; Reyes Azkoitiak gidatuko du Irantzu Etxebeste, Nora Mendizabal eta Olatz Arrizabalagak osaturiko taldea; Naroa Elizaldek, Ainhoa Ruiz de Infante, Maite Ruiz de Larramendi eta Leire Garai izango ditu bere agindupean, eta azkenik, Mikel Inuntziaga, Iera Agirre, Arrate Bergara eta Amaia Aldairen aholkularia izango da.
Jaialdi bakoitzean hiru partida lehiatuko dira, lehenengoa eskuz banaka lau eta erdian, ondoren binaka, eta, bukatzeko, eskuz banakako beste neurketa bat kaiolan. Astero egingo diren ekitaldi hauetan, bi taldek neurtuko dituzte indarrak eta irabazleak hiru puntu eskuratuko ditu.
Orotara bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek, hasierako ligaxkan sei jaialdi eta ondoren bi finalerdiak eta finala –hirugarren posturako lehia ere izango da.
Ligaxkako sei jardunaldiak telebista plato bihurtuko den Irungo Urantzu pilotalekuan jokatuko dira, ostegunero, publikorik gabe, eta egun horretan bertan emango dute ETB1en eta Eitb.eus atarian saioa, 22:30ean hasita. Iñigo Aiestaran izango da programaren aurkezlea, Elena Azpeitiak eta Gentzane Aldaik lagunduta.
Ligaxka amaitzerakoan, finalerdien txanda izango da, abuztuaren 13an eta 20an oraindik zehaztu gabeko egoitzan, non pilotari guztiek parte hartuko duten. Ligaxkako sailkapenaren lehenak laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren kontra, lehia bakoitzaren irabazleak abuztuaren 27an lehiatuko den finalerako txartela eskuratuko duelarik.
Erremontea abian jarriko da berriro ekainean
Dagoeneko entrenamenduak hasiak dira Galarretan eta Oriamendik lehiaketa antolatuko du
Udazkenera arte atzeratu da Euskal Herriko kluben arteko Nazionalaren azken fasea
Geratzen diren bi jardunaldiak, finalaurreko bat eta finala bera, iraila pasa arte ez dira jokatuko
Euskadiko Pilota Federazioak GRABNI txapelketa bertan behera utzi berri du
Antolakuntzak ez du posible ikusten txapelketaren datak berrosatzea bestelako txapelketekin topo egin gabe