EUSKAL PILOTA
Plazandreak saioaren ligaxkako lehen itzulia amaitu da
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Pixkanaka ari da Plazandreak saioa bere ibilbidea egiten eta astelehenean hitzordu garrantzitsua izan zen Zornotzako pilotalekuan, lehen itzuliko azken jardunaldia jokatu baitzuten Reyes Azkoitia eta Erlantz Garciaren taldeek. Reyesenak bi partida irabazteko gai izan ziren eta bi puntu horiekin sailkapeneko bigarren postuan kokatu dira hiru punturekin, Mikel Inuntziagaren talderengandik puntu bakarrera eta atzoko euren arerioek baino bat gehiagorekin.
Asteleheneko lehian behartutako aldaketa txiki bat izan zen, Andrea Capellan gaixo dagoelako eta bere ordez Miriam Arrillagak jokatu zuen. Lehen partidan Miren Larrarte eta Amaia Aldai izan ziren bi entrenatzaileek aukeratutako pilotariak eta partida ikusgarria eskaini zuten. Miren Larrarte oso erasokor hasi zen lehenengo tantotik eta 4-1 aurreratu zen markagailuan. Hala ere, Amaia Aldai ez zegoen barkatzeko, larunbateko arantza kendu nahi zuen eta lana gogotik eginda, 8-6 aurreratu zen. Bi pilotariek erritmo bizian jokatu zuten, oso ondo bukatutako tantoak izan ziren eta azkenean Amaia Aldaik 12-8 irabazi zion Miren Larrarteri.
Binakako partidan entrenatzaileak euren estrategiak fintzen joan ziren eta Reyes Azkoitiak Arraiza eta Arrillaga atera zituen bikote bezala eta Erlantz Garciak aldiz Amaia Aldai eta Uxue Oses aukeratu zituen.
Bikote gipuzkoarra oso indartsu irten zen kantxara, beste erritmo bat jarri zioten partidari eta 10-4 aurreratu ziren. Eskuetatik justu, Uxue Oses ezinean aritu zen. Amaia Aldai saiatu zen aurre egiten eta oreka bilatzen baina ezinezkoa izan zuen eta beraz garaipena Arraiza eta Arrillagarentzat izan zen 12-5eko emaitzarekin.
Bigarren buruz burukorako Leire Garai eta Miriam Arrillaga aukeratu zituzten entrenatzaileek eta ordezko bezala lan bikaina egin zuen Miriam Arrillagak nagusitasun handia erakutsi zuen, bere egunik onena izan ez zuen gasteiztarraren aurrean. Azkenean 12-6 nagusitu zen Miriam Arrillaga.
Emaitzak:
Amaia Aldai 12 / Miren Larrarte 8
Amaia Aldai-Uxue Oses 5 / Arraiza-Arrillaga 12
Leire Garai 6 / Miriam Arrillaga 12
Plazandreak Txapelketa
Muinean, lehiaketak iazko bideari jarraituko dio, hau da, taldeen arteko lehiaketa bat izango da eta jardunaldi bakoitzean hiru partida jokatuko dira, banaka Lau eta Erdian, binaka eta beste bat banaka kaiolaren barruan. Baina esan bezala, saioak orekatuagoak eta erakargarriagoak izan daitezen, zenbait berrikuntza sartu dituzte antolatzaileek.
Esaterako aurten hiru talde arituko dira, Erlantz Garcia, Mikel Inuntziaga eta Reyes Azkoitiak zuzenduko dituztenak eta hiru aditu hauen lanak garrantzi berezi bat hartuko du, hauen estrategiak erabakigarriak izango direlako. Izan ere, aurten banakako lehen partida jokatzen duen pilotariak ezin izango du bigarren buruz burukoan errepikatu, binakakoan aritzea izango du, eta horrek beste saltsa bat emango die jardunaldiei.
Gainera, finalerako sailkatzeko talde bakoitzak irabazitako partidak hartuko dira kontuan eta hori dela eta partida guztietan euren onena eman beharko dute pilotariek, finalerako txartela puntu bakarraren baita egon ahal da eta.
Lehiaketa ekainaren 21etik abuztuaren 2ra luzatuko da, hau da, sei jardunaldi eta finala izango ditu eta denak Zornotzan jokatuko dira, finala barne. Printzipioz, ligaxka ateak itxita jokatuko da eta osasun egoerak hala utziko balu, finala publikoarekin jokatzea da asmoa.
Arraioz nagusitu da promozioko laxoa txapelketan
Finalean Irurita eta Arraioz neurtu ziren eta lehia estu eta ikusgarri baten ondoren, arraioztarrak nagusitu ziren, 8-9
Xabier Azpirozek irabazi zuen Eguberrietako erremonte txapelketa
Lekunberriko atzelariak hiruko finalean Xanti Uterga doneztebarra eta Ion Etxeberria azpeitiarra gainditu zituen
Zabalik da Binakako Master txapelketarako izen emate epea
Nahi duten emakume guztiek har dezakete parte eta azken urteetan ohitura den bezala, txapelketa bi mailatan jokatuko da: pilota mistoa eta pilota goxoa