EUSKAL PILOTA

Plazandreak-Laboral Kutxa Udako Torneoa

by | 2020/07/02

Emakumeen esku pilotak bide berriak urratuko ditu, formatu berritzailea izango duen txapelketa abian jarriz

 

Emakumeen esku pilotak ez du geratzeko asmorik eta Emakume Master Cup txapelketako binakako final arrakastasuen ondoren, PLAZANDREAK-LABORAL KUTXA UDAKO torneoa abiatuko da datorren ostiralean, uztailak 3, 10.30etatik aurrera.

Pilota mistoko modalitatean lehiatuko da txapelketa eta banaka zein binaka jokatuko dituzte partida motzak, hamabi tantora.

Hamabi pilotarik hartuko dute parte, lau taldetan banatuta, bakoitzak entrenatzaile edo arlo teknikoko arduradun bat izango duelarik. Erlantz Garciaren taldean,  Andrea Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirre izango dira; Reyes Azkoitiak gidatuko du Irantzu Etxebeste, Nora Mendizabal eta Olatz Arrizabalagak osaturiko taldea; Naroa Elizaldek, Ainhoa Ruiz de Infante, Maite Ruiz de Larramendi eta Leire Garai  izango ditu bere agindupean, eta azkenik,  Mikel Inuntziaga,  Iera Agirre, Arrate Bergara eta Amaia Aldairen aholkularia izango da.

Jaialdi bakoitzean hiru partida lehiatuko dira, lehenengoa eskuz banaka lau eta erdian, ondoren binaka, eta, bukatzeko, eskuz banakako beste neurketa bat kaiolan. Astero egingo diren ekitaldi hauetan, bi taldek neurtuko dituzte indarrak eta irabazleak hiru puntu eskuratuko ditu.

Orotara bederatzi jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek, hasierako ligaxkan sei jaialdi eta ondoren bi finalerdiak eta finala –hirugarren posturako lehia ere izango da–.

Ligaxkako sei jardunaldiak telebista plato bihurtuko den Irungo Urantzu pilotalekuan jokatuko dira, ostegunero, publikorik gabe, eta egun horretan bertan emango dute ETB1en eta Eitb.eus atarian saioa, 22:30ean hasita. Iñigo Aiestaran izango da programaren aurkezlea, Elena Azpeitiak eta Gentzane Aldaik lagunduta.

Ligaxka amaitzerakoan, finalerdien txanda izango da, abuztuaren 13an eta 20an oraindik zehaztu gabeko egoitzan, non pilotari guztiek parte hartuko duten. Ligaxkako sailkapenaren lehenak laugarrenaren aurka jokatuko du eta bigarrenak hirugarrenaren kontra, lehia bakoitzaren irabazleak abuztuaren 27an lehiatuko den finalerako txartela eskuratuko duelarik.

Txapelketaren lehenengo jardunaldi honetan, Andrea Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirre lehiatuko dira Irantzu Etxebeste, Nora Mendizabal eta Olatz Arrizabalagaren kontra.

Bera Berak agur esan dio Europari

Bera Berak agur esan dio Europari

27na berdindu zuten joaneko partidan, baina itzulekoan Bera Berak ezin izan dio irabazi HC Zvezda Errusiako taldeari (29-24)