PILOTA/OFIZIALTASUNA ORAIN

“Pilotarion esku dago euskal selekzioaren ofizialtasuna”

by | 2020/03/23

Argazkia: ehkirola.eus

Inhar Ugarte, Asier Aspuru eta Ehki Ziarrusta trinketeko pilotariak, ofizialtasunaren aferaz eta pilotariek beraiek egitasmo honetan jokatu beharreko paperaz

Aurkeztu berria da Gu ere bai! ekimena. Helburua, euskal kirolariak euskaldun gisa, geure selekzioarekin eta geure ikurrekin, munduan zehar ofizialki lehiatzeko aukera izatea.  Euskal Selekzioen nazioarteko ofizialtasuna. Dagoeneko iragarri ditu hainbat ekintza: kirolarien sinadura bilketa, tokian tokiko futbol partidak, Martin Zabaleta Everestera igo  zeneko 40. urteurrenean euskal gailurretarako martxak, ekainaren 6rako ekimen nazionala Bilbon eta abar.

Denon  beharra izango da inoiz Euskal Selekzioak nazioartean ofizialak izango badira. Norabide horretan, dena dela, azpimarratzekoa da  Espainiako selekzioarekin joateri uko egin dioten kirolarien erabakia.

Inhar Ugarte (Algorta, 1989), Asier Aspuru (Abadiño , 1991) eta Ehki Ziarrusta (Dima 1994) trinketeko pilotariek iaz uko egin zioten mundialera  Espainiako selekzioarekin joateari. Abadiñoko  frontoian hitz egin genuen hirurekin, berrogeialdia hasi aurretik, elkarrekin entrenatzeko geratuak zeudela.

Zuek Espainiako selekzioarekin joateri  uko egin zenioten  ezta?

Asier.- Bai, munduko kopan jokatzeko deitu gintuzten eta uko egin genion.

Ekhi.- Guk bagenekien deituak  izan gintezkeela, bagenekien ze kirol maila genuen eta. Elkarrekin aurrez hitz eginda geunden, eta  deitzen baziguten ez ginela joango esango geniela erabakita genuen hirurok.

Inhar.- Ni aurretik ere uko egina nengoen. Bai Paris eta bai Mexikoko mundialera Espainiako selekzioarekin joateari uko egin nion, baina orduan ez zuen nire erabakiak oihartzunik izan, eta oraingoan hiruron erabakia publiko egitea erabaki dugu. Agian pilotari gehiagok ere egin diote uko, baina ez dute publiko egin guk dakigula.

Kirolari gisa ze ondorio edo kalte egiten dizue erabaki horrek?

Asier.- Gauza handirik ez, kontuan izan pilotaz ari garela, eta kirol honetako txapelketa eta torneo gehienak Euskal Herrian egiten direla,Hegoaldean ala Iparraldean.

Ekhi.- Munduko Kopak sari ekonomiko batzuk baditu: urreak, 3.000 euro; zilarrak, 2000 euro; eta abar. Bestela ere, normalean Iparraldean eta Hegoaldean aritzen garenez,  horrelako erabakiek ez digute mesederik egiten, Federazioek antolatzen baitituzte sarritan. Beraz, kalte egin egiten digu.

Inhar.- Baina hartu dugun erabakia  ez dugu diruari begira hartu, koherentziaz jokatzeko baizik. Gogoratu, Mexikoko 68koaren geroztik, pilota ez dela kirol olinpikoa, Bartzelonan gonbidatu gisa egon zen arren.

Aurrera begira, ze planteatzen duzue ofizialtasuna lortzeko?

Asier.- Aurrena  pilotariak batu behar gara, ez dakit elkarte batean edo nola baina elkartu egin behar gara.

Inhar.- Indarra egin behar dugu, gure esku dago, kontuan izan pilotarien %90a euskaldunak garela, ipar edo hego aldeko euskaldunak, eta hemen dagoela mailarik handiena.

Eta bitartean zer?

Inhar.- Hemengo txapelketak  indartu behar dira. Kirol ikuspegitik zailagoa eta inportanteagoa da Euskal Herriko txapelduna izatea, munduko txapelduna izatea baino. Izan ere, hemengo pilotarien elkarren arteko lehia munduko beste edozein aurkariri irabaztea baina zailagoa da.

Bueltan dira Zesta Puntako txapelketak

Bueltan dira Zesta Puntako txapelketak

Ostiral honetan, Jai Alai Masters Series Txapelketako lehen finalerdia jokatuko da, Beaskoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Aldazabal bikoteen artean

Share This