PILOTA/OFIZIALTASUNA ORAIN
“Pilotarion esku dago euskal selekzioaren ofizialtasuna”
Inhar Ugarte, Asier Aspuru eta Ehki Ziarrusta trinketeko pilotariak, ofizialtasunaren aferaz eta pilotariek beraiek egitasmo honetan jokatu beharreko paperaz
Aurkeztu berria da Gu ere bai! ekimena. Helburua, euskal kirolariak euskaldun gisa, geure selekzioarekin eta geure ikurrekin, munduan zehar ofizialki lehiatzeko aukera izatea. Euskal Selekzioen nazioarteko ofizialtasuna. Dagoeneko iragarri ditu hainbat ekintza: kirolarien sinadura bilketa, tokian tokiko futbol partidak, Martin Zabaleta Everestera igo zeneko 40. urteurrenean euskal gailurretarako martxak, ekainaren 6rako ekimen nazionala Bilbon eta abar.
Denon beharra izango da inoiz Euskal Selekzioak nazioartean ofizialak izango badira. Norabide horretan, dena dela, azpimarratzekoa da Espainiako selekzioarekin joateri uko egin dioten kirolarien erabakia.
Inhar Ugarte (Algorta, 1989), Asier Aspuru (Abadiño , 1991) eta Ehki Ziarrusta (Dima 1994) trinketeko pilotariek iaz uko egin zioten mundialera Espainiako selekzioarekin joateari. Abadiñoko frontoian hitz egin genuen hirurekin, berrogeialdia hasi aurretik, elkarrekin entrenatzeko geratuak zeudela.
Zuek Espainiako selekzioarekin joateri uko egin zenioten ezta?
Asier.- Bai, munduko kopan jokatzeko deitu gintuzten eta uko egin genion.
Ekhi.- Guk bagenekien deituak izan gintezkeela, bagenekien ze kirol maila genuen eta. Elkarrekin aurrez hitz eginda geunden, eta deitzen baziguten ez ginela joango esango geniela erabakita genuen hirurok.
Inhar.- Ni aurretik ere uko egina nengoen. Bai Paris eta bai Mexikoko mundialera Espainiako selekzioarekin joateari uko egin nion, baina orduan ez zuen nire erabakiak oihartzunik izan, eta oraingoan hiruron erabakia publiko egitea erabaki dugu. Agian pilotari gehiagok ere egin diote uko, baina ez dute publiko egin guk dakigula.
Kirolari gisa ze ondorio edo kalte egiten dizue erabaki horrek?
Asier.- Gauza handirik ez, kontuan izan pilotaz ari garela, eta kirol honetako txapelketa eta torneo gehienak Euskal Herrian egiten direla,Hegoaldean ala Iparraldean.
Ekhi.- Munduko Kopak sari ekonomiko batzuk baditu: urreak, 3.000 euro; zilarrak, 2000 euro; eta abar. Bestela ere, normalean Iparraldean eta Hegoaldean aritzen garenez, horrelako erabakiek ez digute mesederik egiten, Federazioek antolatzen baitituzte sarritan. Beraz, kalte egin egiten digu.
Inhar.- Baina hartu dugun erabakia ez dugu diruari begira hartu, koherentziaz jokatzeko baizik. Gogoratu, Mexikoko 68koaren geroztik, pilota ez dela kirol olinpikoa, Bartzelonan gonbidatu gisa egon zen arren.
Aurrera begira, ze planteatzen duzue ofizialtasuna lortzeko?
Asier.- Aurrena pilotariak batu behar gara, ez dakit elkarte batean edo nola baina elkartu egin behar gara.
Inhar.- Indarra egin behar dugu, gure esku dago, kontuan izan pilotarien %90a euskaldunak garela, ipar edo hego aldeko euskaldunak, eta hemen dagoela mailarik handiena.
Eta bitartean zer?
Inhar.- Hemengo txapelketak indartu behar dira. Kirol ikuspegitik zailagoa eta inportanteagoa da Euskal Herriko txapelduna izatea, munduko txapelduna izatea baino. Izan ere, hemengo pilotarien elkarren arteko lehia munduko beste edozein aurkariri irabaztea baina zailagoa da.
Nafarroak irabazi du GRABNI txapelketa
Sei urte geroago berriro ere frontoi zein trinketeko tituluak eskuratu eta guztira 22 txapel irabazita
Malerrekako pilota erronka Saldiasera ailegatu da
Puntu bana eskuratu zuten Mendaur eta Ekaitza taldeek, nahiz eta tanteoa azken hauen aldekoa izan zen.
Sagardoaren Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu da
Ezkurra II-Zaldua I eta Segurola-Azpiroz bikoteek lehenengo garaipena lortu dute