EUSKAL PILOTA
Pilotalekuak hutsik eta pilotari profesionalen lan harremanak kolokan
Eskuzko pilotariei aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak egokitu zaizkie eta erremontekoak lan hitzarmenik gabe geratu dira
Gainontzeko kirol modalitateetan bezala, koronabirusaren pandemiak eragindako etenaldi honek lan harremanetan aldaketa ekarri die pilotari profesionalei.
Eskuzko pilota kudeatzen duten enpresek aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteak jarri dizkiete pilotariei eta erremonteko pilotariei, berriz, ez diete luzatu lan hitzarmena.
Enpresa talde bereko Baikok eta Innpalak jakinarazi zuten lan erregulazio eskaera egin dutela eta hartutako erabakiak bi enpresetako langile guztiei –pilotari (24 eskuzkoak eta 9 palan), teknikari eta administrariei– eragingo diela.
Aspek ere, publiko egin ez arren, aurkeztu du berea, soldatapean dituen 30 langileri –22 pilotari, entrenatzaile, takilari, bulegari…– eragingo dielarik.
Erremontearen kasua ez da berdina, izan ere, Oriamendi 2010 enpresak ezin izan du aldi baterako erregulazio eskaera aurkeztu (bestelako langileekin bai egin duela, epaileak etabar…) erremontistek bestelako lanak dituztelako eta beraz amaitzen ziren kontratuak ez berritzea erabaki zuten.
Erremontean hiru hilabetez behin joaten dira hitzarmenak egiten, eta azkena martxoaren 31n bukatzen zen. Pilotari bakoitza bere kontratua aztertzeko martxoaren 25ean elkartu behar zen enpresarekin, baina jarduera lehenago eten zen eta horren ondorioz hitzarmen guztiak bertan behera geratu dira.
Dena den, Oriamendi enpresak, guztiontzako hain zaila den egoera hau gainditzen denean, berriz ere erremontearen jarduerara bueltatzeko asmoa duela jakinarazi du hartutako neurrien berri emateko kaleratu zuen oharrean.
Gauzak horrela, pilotalekuak hutsik egoteaz aparte, oraintxe ez legoke kontratua indarrean duen pilotari profesionalik, Ipar Euskal Herriko trinketistak eta AEBetan diharduten puntistak salbu (euren jarduna etenda dago baina kontratuak desberdinak dira).
IX. Antton Pebet Oroimenezko txapelketaren finala igandean jokatuko da
Aurten, Murua-Aizpuru eta Igoa-Arbizu izango dira txapelak lortzeko lehian arituko diren bikoteak
Emakumezkoen larruzko paletako Bizkaia Txapelketa aurkeztu dute
Urtarrilaren 2tik 30era luzatuko den lehiaketan guztira lau bikotek hartuko dute parte
Ados elkartearen Eusko Label txapelketari hasiera eman diote Latasan
Emaitzak: Iturriaga-Egaña 22 – Etxeberria-Iraeta 7 eta Iantzi-Etxenike 22 – Kortazar-Ezeiza 16