EUSKAL PILOTA
Peio Etxeberriak irabazi du Promozio Mailako Buruz Burukoa
Peio Etxeberriak eta Julen Egigurenek Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketaren finala jokatu zuten larunbatean, Iruñean, Labrit pilotalekuan arratsaldeko 17:00etan hasita (ETB1).
Peio Etxeberria zen txapela irabazteko faboritoa eta ez zuen hutsik egin. Zenozko (Nafarroa) aurrelaria ohikoa da Lehen Mailako banakako txapelketetan, eta onenen aurka nabarmendutakoa da: duela bi urte, final-laurdenak jokatu zituen maila nagusiko buruz burukoan. Gainera, nagusitasunez ailegatu zen finalera: 22-4 irabazi zion Iraitz Zubizarretari, eta 22-13 Iker Salaberriari.
Egigurenek, berriz, ezustekoa eman nahi zuen. Azpeitikoa (Gipuzkoa) bigarrenez ari zen buruz burukoan, iaz, finalerdietara iritsi baitzen. Aurtengo finalera heltzeko, Jon Alberdi (22-17) eta Jon Erasun (22-21) kanporatu zituen.
Azkenean Etxeberriak jantzi zuen bere profesionaletako lehen txapela, merezimendu osoz, Egigureni 22 eta 7 irabazita. Oreka aurreneko tantoetan soilik mantendu zen baina tanto horiek kenduta, Etxeberriak sekulako erritmoa jarri zion partidari eta ez zion aurkariari aukerarik eman. Bolearekin defendatzen saiatu zen Egiguren baina beti oso atzean jokatzera behartuta egon zen eta Etxeberriak tantoak asmatzen ere dotore ibili zen.
Bigarren zatian, partida guztiz hautsi zen, tantoak une oro dominatu zituen nafarrak eta lehenengo atsedenaldira 12-5 aurretik ailegatu zen. Bigarren atsedenaldirako aldiz, zuloa haundiago zen (18-7), azkenean garaipen erosoa erdietsi zuelarik Etxeberriak (22-7).
Pilotakadak: 208
Iraupena: 43 minutu
Egindako tantoak:
Etxeberria 8
Egiguren V.a 2
Sakez egindako tantoak:
Etxeberria 5
Egiguren V.a 2
Sakez faltak:
Etxeberria 2
Egiguren V.a 1
Hutsegiteak:
Etxeberria 1
Egiguren V.a 8
Markagailuaren gorabeherak: 2-0/2-1/4-1/4-3/8-3/8-5/12-5/12-7 eta 22-7.
II. San Migel Xare Irekiaren bigarren jardunaldia jokatu da
Emaitzak: Lopetegi- Karrikaburu 40 Larronde-Algaranondo 24 eta Borteyru III- Sistiage 40 Etxeberri- Funosas 31
Hasia da Euskal Herriko Bote Luzeko Txapelketa
Lehen jardunaldian, Bizkaia 1-ek 7-4 irabazi dio Gipuzkoari, Amikutzek 9-2 Senpere 2ri eta Senpere 1-ek 6-4 Itsasuri
Antiguako pilota txapelketako finalak larunbatean jokatu ziren
Emakumezkoetan Olatz Arrizabalaga, promesa mailan Fernández-Apezetxea bikotea eta elite mailan Elola eta Sarasa izan dira txapeldunak