FUTBOLA/EUSKAL SELEKZIOA
Panama 0-0 Euskal Selekzioa
Argazkia: @EFF_FVF
FITXA TEKNIKOA:
Panama 0-0 Euskal Selekzioa
PANAMA: Penedo (Calderon, 1. min.); Blackman (Pimentel, 71. min.), Machado, Baloy (Roberto Chen, 11. min.), Escobar, Galvan (Davis, 82. min.); Heraldez (Carrasquilla, 63. min.), Cooper, Marcos Sanchez (Arroyo, 60. min.); Blas Perez (Blackburn, 10. min.) eta Tejada (Zuñiga, 10. min.; Fajardo 62. min.).
EUSKAL SELEKZIOA: Herrerin; Bustinza, Aritz Elustondo, Iñigo Martinez (Vivian, 61. min.), Balentziaga, Aihen (Iñigo Vicente, 66. min.); Larrazabal (Areso, 75. min.), Manu Garcia, San Jose, Eraso; eta Aduriz (Villalibre, 55. min).
EPAILEA: Jaime Herrera (El Salvador). Txartel horiak: Panamako Cheni; eta euskal selekzioko Manu Garciari, Iñigo Martinezi, Larrazabali eta Bustinzari.
BESTELAKOAK: 9.000 ikusle inguru Panamako Rommel Fernandez estadioan.
ARGAZKI GEHIAGO:
Ez gatzik, ez piperrik
Panamak eta euskal selekzioak hutsean berdindu dute. Bero eta hezetasun handia egon da partida osoan, eta horren ondorioz, lehiak ia ez du izan erritmorik
Bero eta hezetasun handiak erabat baldintzatu zuten atzo Panamak eta euskal selekzioak Erdialdeko Amerikako herrialde horretako hiriburuan jokatutako lagunarteko neurketa. Eguraldiaren baldintza horien ondorioz, erritmorik gabeko partida jokatu zuten bi selekzioek. Ez erritmorik, ez jokorik, ezta aukera garbirik ere. Halako nahasketarekin saihetzezina izan zen emaitza: golik gabeko berdinketa.
Lehia eskasa ikusi zuten ikusleek ez beste, pozik ziren beste guztiak. Panamari, konfiantza emango dio aurki hasiko den Urrezko Kopari begira. Euskal selekzioari, berriz, bolada onari eusteko balio dio. Jadanik zazpi urte eta erdi pasatxo darama neurketarik galdu gabe, 2011ko abenduan San Mamesen Tunisiaren aurka 0-2 galdu zuenetik. Zortzi partida jokatu ditu ordutik: bost irabazi ditu, eta hiru berdindu.
Norgehiagokaren erritmo faltaren adibide izan zen lehen ordu erdia. Ez ziren jokatu hamar minutu etenik egon gabe. Panamako lau jokalarik azken partida zuten selekzioarekin, eta etxekoek neurketa hasiera baliatu zuten jokalari horiei omenaldia egiteko. Hala, partida hasi eta lehen minutuan, atezaina aldatu zuten: Jaime Penedok utzi zuen zelaia, eta Jose Calderon zelairatu zen. Hamargarren minutuan, berriz, Blas Perez eta Luis Tejada agurtu ziren. Minutu eskas geroago, berriz, Felipe Baloyren txanda izan zen.
Hamaika etenaldi
Omenaldiak amaituta, hasi zen behingoz benetako partida. Baina beroa egiten zuen, eta lehiari berriro ekin eta gutxira epaileak partida eten zuen, jokalariek ura edan zezaten. Konturatu orduko, ordu erdia pasatua zen, eta ez zen ezertxo ere gertatu. Ezer gutxi jazo zen atsedenaldira arte. Fidel Escobarren falta jaurtiketa bat eta Iago Herrerinen geldiketa baino ez. Bai Javier Clementek, bai Julio Dely Valdesek bost atzelari zelairatu zituzten, baita kontrolerako erdilariak ere. Horrek ere ez zuen asko lagundu lehiak saltsa pixka bat izan zezan.
Bigarren zatian aldaketak egin zituzten bi hautatzaileek, eta horrek apur bat bizitu zuen jokoa. Baina ez nahikoa golen bat egon zedin, bi taldeetako jokalariak ez baitziren fin ibili erasoan. Hala, hutsik gabe amaitu zen partida.
Pozik zegoen Clemente neurketa amaitu berritan. «Mutilak ondo aritu dira, neurketa zaila baitzen». Haren ustez, partidak «erritmo dezente» izan zuen. «Lehia gogorra izan da. Haiek ohituta daude elkarrekin jokatzera. Gainera, beroak ez digu mesederik egin. Hotzarekin eta beroarekin jokatu beharra dago, baina guk sumatu dugu bidaiaren nekea eta egokitzapen falta. Talde gaztea ekarri dugu, eta partida guztiak onak dira elkarrekin jokatzen ikasteko. Lehia hauek indartu egiten gaituzte. Uste dut balio izan diogula Panamari, haren prestaketarako».
Pozik zen ere Aritz Elustondo, nahiz eta ez irabazi. «Saiatu gara, baina ez dugu lortu. Pena da. Garrantzitsuena da inork ez duela min hartu. Lehiakor izan gara, eta ikusi da gutxitan elkartu arren lehiatzeko gai garela».
??? pic.twitter.com/bElWyEP0IQ
— EFF-FVF (@EFF_FVF) 2019(e)ko maiatzaren 30(a)
Euskal Selekzioaren deialdia Panamaren aurkako partidarako
Javier Clemente hautatzaileak 17 jokalari deitu ditu Panamaren aurka maiatzaren 29an (Euskal Herrian maiatzaren 30ean, 03:00) aritzeko
Maila handia erakutsi zuen Euskal Selekzioak Mendi Lasterketako Munduko Kopako hirugarren proban
TransVulcaniaren ostean, igandean bertan izango dute hurrengo hitzordua Saint-Honorén (Frantzia)
Asier Aspuru pilotariak uko egin dio Espainiako selekzioari
“Soilik Euskal Herria ordezkatzen jokatuko nuke”, adierazi du. Erabaki berdina hartu dute Ekhi Ziarrusta eta Inhar Ugarte pilotariek ere.