ARRAUNA
Oriotarrak nagusi San Pedroko Estropadan
Larunbat arratsaldean Pasaian jokatu ziren traineru estropadak eta oriotarrak bikain aritu ziren, senior emakumezko zein gizonezkoetan garaipena eskuratuz
Orioko bi tripulazioak azkarrenak izan ziren larunbatean badiaren bokalean, nagusitasun osoz,irabazi zutelarik gainera: hamasei segundoko aldea atera zieten Orioko emakumeek Arraun Lagunak taldeari, eta sei segundokoa gizonezkoek Donostiarrari.
Larunbatean goi mailako arraun erakustaldia izan zen Pasaiako badiaren bokalean, Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatutako XI. San Pedroko Test estropadan.
Erlojupeko formatuan egin zen lehia; traineruak banan-banan irten ziren minutu bateko tartea utziz batzuen eta besteen artean. Ibilbidea ezaguna: motoraren San Pedroko ontziralekutik, badiaren irteeraraino. Bederatzi talde ureratu ziren senior emakumezkoen estropada jokatzeko, eta 24 traineru, berriz, gizonezkoena jokatzeko. Hiru tandatan banatuta aritu ziren azken horiek.
Emakumeen artean Orioko neskek aise irabazi zuten; 12 minutu eta segundo 1 behar izan zuten ibilbidea burutzeko. 16 segundo atzetik, Arraun Lagunak. Hirugarren Hondarribia (12:24,45), laugarren Tolosaldea (12:36,10), bosgarren San Juan (12:43,48), seigarren Zumaia (12:45,33), zazpigarren Hibaika (12:46,46), zortzigarren Ondarroa (13:08,96) eta bederatzigarrena Isuntza (13:09,54).
Gizonetan estuago aritu zen Orio. 21 minutu eta 8 segundoan egin zituzten lau luzeak, Donostiarra 6 segundora utziz. Hondarribia A hirugarren izan zen (21:16,96), Santurtzi laugarren (21:19,40), bosgarren Bermeo A (21:25,30), seigarren Pedreña (21:41,14), zazpigarren Sanpedrotarra (21:43,59), zortzigarren Ondarroa (21:45,09), bederatzigarren Zarautz A (21:49,42) eta hamargarren Donostiarra B (21:51,81).
Gazteek eta beteranoek osatutako taldean bestalde, Badok 13 izan zen bizkorrena, 11 minutu eta 58 segundutan helmugaratuta, bigarren Plentzia izan zelarik hamabi segundutara. Atzetik, Trintxerpe mistoa, Fortuna, Zumaia, Mundaka… Hamabost talde lehiatu ziren orotara kategoria honetan.
Oriaren Jeitsiera lehiatu zen iragan larunbatean
Emakumezkoetan Orioko trainerua eta gizonezkoetan Hondarribiko Ama Guadalupekoa nagusitu ziren
Oriaren XXVI. Traineru Jaitsiera larunbatean
Aurtengo Oriaren jaitsieran 91 traineru eta 1.200 estropalaritik gora arituko dira
Arraun Lagunak eta Hondarribia A irabazle Hondarribiako XX. Traineru Jaitsieran
Ikurriña eskuratzeko lehia estua egon da emakumezko zein gizonezkoetan, ezusteko bat baino gehiago eman delarik