EUSKAL PILOTA

Oriamendi Torneoko lehen partidua jokatu da

2021/02/03

Argazkiak:oriamendi2010

Erremonteak ez du atseden hartu aste honetan. Aurreko astean Master Txapelketaren finala jokatu baldin bazen, honakoan Oriamendi Torneoaren aurreneko jardunaldiaren lehenengo partidua amaitu dute. Berez pasa den ostegunean hasi zen txapelketa,  baina hezetasunaren ondorioz bertan behera geratu zen.

Lehenengo jardunaldia eten zenean aurreneko partidua zegoen jokoan. Segurola eta Zaldua I.a aurretik ziren 21-19 Zaldua II.a eta Larrañagaren aurka. Partidua nahiko berdindua zihoan, baina zutik egoteko zailtasunak zituzten eta pilotakada arriskutsuren bat ere egon zen hezetasunaren ondorioz.

Honela, asteartean eman zitzaion amaiera atzeratutako partidu horri, 17:00etan hasita eta orain arte bezala ateak itxita. Osteguneko jardunaldian aurreikusia zegoen bigarrengo partidua aldiz ez zen asteartean jokatu, eta aritzekoak ziren bi bikoteek ostegun honetan, otsailak 4, ekingo diote txapelketari.

Beraz, Segurola eta Zaldua I.ak 21-19 aurretik hasi zuten partidua Zaldua II.a eta Larrañagaren kontra, eta aurrekoan ikusi zen oreka erabat desagertu zen kantxatik, azkenean 19-4 partziala eginda Segurola-Zaldua bikoteak erraz irabazi zuelarik (40-23).

Oriamendi Torneoko lehenengo jardunaldiko emaitzak

Otsailak 2, 17:00etan, Galarreta Jai Alai

Oriamendi Txapelketa

SEGUROLA-ZALDUA 40 / ZALDUA II.a-LARRAÑAGA 23

Hurrengo jardunaldia, otsailak 4, arratsaldeko 17:00etan, Galarreta Jai Alai

Lehenengo partidua / 40 tantora

Oriamendi Txapelketa

GOIKOETXEA V.a- LABAKA vs. SEGUROLA-ZALDUA

Bigarren partidua/40 tantora

Oriamendi Txapelketa

URRUTIA II.a- AIZPURU III.a vs. ETXARRI-ZUBIRI

Oriamendi Torneoa

Master txapelketan aritu ez diren koadroko beste pelotari guztiak osatu dituzte bikoteak eta beraz guztira sei bikotek hartuko dute parte lehiaketan: Zubiri-Etxarri, Mirubia-Martirena, Segurola-Zaldua I.a, Goikoetxea V.a-Labaka, Urrutia II.a-Aizpuru III.a eta Zaldua II.a-Larrañaga.

Printzipioz, txapelketako partidu guztiak ostegunero jokatuko dira baina jendea egotea baimentzen bada larunbatera pasako lirateke jardunaldiak. Bi multzotan egongo dira banatuak sei bikoteak. A multzoan daude; Segurola-Zaldua I.a, Goikoetxea V.a-Labaka eta Zaldua II.a-Larrañaga. B multzoa berriz, honak bikoteek osatzen dute: Etxarri-Zubirik, Mirubia-Martirenak eta Urrutia II.a-Aizpuruk.

Multzo bakoitzeko bi lehenengoak pasako dira finalerdietara eta azkena kanpoan geratuko da. Lehenengo fasea otsailaren 11ra arte jokatuko da hiru jardunaldiko (bihar, otsailak 4 eta 11an) sei partidurekin. Jarraian, bi finalerdiak otsailaren 18an izango dira eta final haundia otsailaren 25ean.

Erkiaga eta Zabala, txapeldun

Erkiaga eta Zabala, txapeldun

Aritz Erkiagak eta Jon Zabalak bi setetan gainditu dituzte Iñaki Osa Goikoetxea eta Aimar Aldazabal (7-15 eta 12-15)