EUSKAL PILOTA
Oriamendi Torneoko bigarren jardunaldia lehiatu zen ostegunean
Goikoetxea V.a-Labaka eta Urrutia II.a-Aizpuru III.a bikoteak izan ziren pasa den ostegunean jokatutako Oriamendi Torneoko bigarren jardunaldiko irabazleak.
Jaialdiko lehen partidan Goikoetxea V.a-Labakak Segurola eta Zaldua I.ari irabazi zieten, azken hauek asteartean lehen partida irabazi eta gero. Jaialdiko bigarren norgehiagokan berriz, Urrutia II.ak eta Aizpuru III.ak erraz gainditu zituzten Etxarri eta Zubiri, 40-19. Bi bikote irabazleentzat txapelketako aurreneko partida zen honakoa.
Segurola eta Zaldua I.a Oriamendi Torneoko finalerdietarako sailkatuta daude, nahiz eta 40-39 galdu. Sei puntu dituzte eta bere taldekoak diren Zaldua II.a eta Larrañagarentzat ezinezkoa izango da jada putuazio horretara ailegatzea. Goikoetxeak eta Labakak bere aldetik, lau puntu dituzte eta azken jardunaldian puntu negatiboa (26 tanto baino gutxiago egitea) ez izatearekin nahikoa dute sailkatzeko, kasu horretan, garaipenak ez lieke balio izango eta Zaldua II.ari eta Larrañagari.
Partida polita izan zen jaialdiko lehenengoa, Labaka gorrien artean eta Segurola urdinen artean nabarmendu zirelarik. Biek partida bikaina jokatu zuten, eta aurrelari urdinak 22 tanto egin zituen eta 19 atzelari urdinak.
Bigarren partidan ordea ez zen mami askorik egon. Aizpuru III.a jaun eta jabe izan zen, Urrutia II.a lagun zuela, Etxarri eta Zubiriren aurkako lehian. Urrutiak 11 tanto egin zituen eta Aizpuruk 21.Talde honetan irabazleek lau puntu dituzte orain eta galtzaileek puntu negatiboa dute. Etxarrik eta Zubirik zaila dute sailkatzea, baina oraindik aukerak dituzte.
Oriamendi Txapelketako bigarren jardunaldia, otsailak 4:
Goikoetxea V.a-Labaka 40 / Segurola-Zaldua 39
Urrutia II.a-Aizpuru III.a 40 / Etxarri-Zubiri 19
Hurrengo jardunaldiak:
Otsailak 9:
Mirubia-Martirena vs. Etxarri-Zubiri
Otsailak 11:
Zaldua II.a-Larrañaga vs. Goikoetxea V.a-Labaka
Mirubia-Martirena vs. Urrutia II.a-Aizpuru III.a
Oriamendi Torneoa
Master txapelketan aritu ez diren koadroko beste pelotari guztiak osatu dituzte bikoteak eta beraz guztira sei bikotek hartuko dute parte lehiaketan: Zubiri-Etxarri, Mirubia-Martirena, Segurola-Zaldua I.a, Goikoetxea V.a-Labaka, Urrutia II.a-Aizpuru III.a eta Zaldua II.a-Larrañaga.
Printzipioz, txapelketako partidu guztiak ostegunero jokatuko dira baina jendea egotea baimentzen bada larunbatera pasako lirateke jardunaldiak. Bi multzotan egongo dira banatuak sei bikoteak. A multzoan daude; Segurola-Zaldua I.a, Goikoetxea V.a-Labaka eta Zaldua II.a-Larrañaga. B multzoa berriz, honak bikoteek osatzen dute: Etxarri-Zubirik, Mirubia-Martirenak eta Urrutia II.a-Aizpuruk.
Multzo bakoitzeko bi lehenengoak pasako dira finalerdietara eta azkena kanpoan geratuko da. Lehenengo fasea otsailaren 11ra arte jokatuko da hiru jardunaldiko (bihar, otsailak 4 eta 11an) sei partidurekin. Jarraian, bi finalerdiak otsailaren 18an izango dira eta final haundia otsailaren 25ean.
IX. Antton Pebet Oroimenezko txapelketaren finala igandean jokatuko da
Aurten, Murua-Aizpuru eta Igoa-Arbizu izango dira txapelak lortzeko lehian arituko diren bikoteak
Emakumezkoen larruzko paletako Bizkaia Txapelketa aurkeztu dute
Urtarrilaren 2tik 30era luzatuko den lehiaketan guztira lau bikotek hartuko dute parte
Ados elkartearen Eusko Label txapelketari hasiera eman diote Latasan
Emaitzak: Iturriaga-Egaña 22 – Etxeberria-Iraeta 7 eta Iantzi-Etxenike 22 – Kortazar-Ezeiza 16