EUSKAL PILOTA
Olharan eta Lopez, Grand Slameko finalistak
Olharan eta Lopez dira lehen finalistak Donibane Lohizuneko Grand Slamean, ostegun gauean jokatutako lehen finalerdian Erkiaga eta Aimar mendean hartu ondoren (15-14, 10-15 eta 5-2). Bigarren finalerdia asteartean jokatuko dute Jon Tambourindeguy-Aldabal eta Hormaetxea-Lekerika bikoteek.
Donibane-Lohitzuneko lau masterrak jokatu eta gero, orain Grand Slameko txapela nagusia lortzeko ahaleginean ari dira denboraldiko zortzi pilotaririk onenak, eta iragan ostegunean lehenengo finalerdia jokatu zen.
Jean Olharan denboraldiko aurrelari onena izan da eta Imanol Lopez atzelarien artean ere maila hoberena erakutsitakoa dugu, eta aurkariak aldiz laugarren postuan geratu ziren biak aurrelarien zein atzelarien sailkapenean.
Partiduaren lehen jokoa nahiko orekatua izan zen (4-4, 6-5, 7-7, 10-9). Une jakin batean, Olharanek hartu zuen erantzunkizuna eta lau tantoko aldea irekitzea lortu zuen, jokoa irabazteko tanto baten faltan ere jarri zirelarik gorriak (14-11). Hortan zirela, Erkiaga suspertu egin zen eta hiru tantu jarraian eginda 14nako berdinketa jarri zuen markagailuan. Hala ere, Erkiagaren sakeari ausardiaz erantzunda, errebotera bidalitako pilota batekin erdietsi zuen tantua Olharanek, hartara aurreneko jokoa gorrien alde erori zelarik, 15-14.
Bigarren jokoan aldiz, urdinak piloteoan nagusitu ziren eta garaipen erosoa erdietsi zuten. Hasierako berdintasuna (6-6) azkar hautsi zuten Erkiagak eta Aimarrek, eta zulo erabakigarria ireki zuten markagailuan (9-14). Azkenean, lasaitasunez eman zioten amaiera jokoari, 10-15ko markagailuarekin garaipena erdietsita.
Momentu horretan eta ordurarte ikusitakoaren arabera bikote urdina nagusituko zela ematen zuen, baina berdinketa hausteko jokoa bost tantora jokatzen da eta hutsegiteak garesti ordaintzen dira beti. Eta akats gehiegi egin zituzten urdinek garaipena lortzeko, nahiz eta aurreneko tantoa haiek egin. 1-0 irabazten zeudela, lehenik Erkiaga izan zen bi pilota galdu zituena, eta Olharanek lorturiko beste tanto bati esker markagailuan 3-1 jarri ziren aurretik gorriek. Urdinak 3-2 gerturatu ziren baina gero Aimar izan zen beste bi huts egin zituena, hartara gorriek garaipena erdietsi zutelarik, 5-2.
Garaipen honekin beraz, Olharanek eta Lopezek Grand Slam Internationaux txapelketako finalerako lehenengo txartela eskuratu dute eta aurkaria nor izango den datorren asteartean jakingo dute.
DonibaneDonibaneko partida hasi aurretik omenaldia egin zitzaien Juan Mari “Txino” Bengoa eta Tomas Goyogana markinarrei, 1970ean lehen Munduko Koparen irabazleak. Finala 35-30 irabazi zuten, Jesús Elejabarrieta durangarrak eta Jose Miguel Rezola “Tximela”tolosarrak osaturiko bikotearen aurka.
Grand Slamerako sailkapena:
Aurrelariak
1- OLHARAN…………………… 8 puntu (+22)
2- TAMBOURNIDENGUY….. 8 puntu (+19)
3- HORMAETXEA……………. 8 puntu (+11)
4- ERKIAGA…………………….. 8 puntu (-9)
Atzelariak
1- LOPEZ………………………. 15 puntu (+44)
2- ALDAZABAL……………… 12 puntu (+26)
3- LEKERIKA………………….. 12 puntu (+22)
4- AIMAR………………………. 5 puntu (-2)
FINALERDIAK: Abuztuak 20 eta 25
FINALA: Abuztuak 27
Kanporaketak:
OLHARAN-LOPEZ vs ERKIAGA-AIMAR
TAMBOURINDEGUY-ALDAZABAL vs HORMAETXEA-LEKERIKA
Aurtengo denboraldiko Master Txapelketak
MASTER 1 Txapelketa: uztailaren 23tik 28ra (finalerdiak uztailaren 23an eta finala uztailaren 28an):
Txapeldunak: OLHARAN-LOPEZ
Txapeldunordeak: Erkiaga-Ihitsague
MASTER 2 Txapelketa: uztailaren 30tik abuztuaren 4ra (finalerdiak uztailaren 30ean eta finala abuztuaren 4ean):
Txapeldunak: BARANDIKA-LOPEZ
Txapeldunordeak: Erkiaga-Aimar
MASTER 3 Txapelketa: abuztuaren 6tik 11ra (finalerdiak abuztuaren 6an eta finala abuztuaren 11an):
Txapeldunak: J. TAMBOURINDEGUY-LEKERIKA
Txapeldunordeak: Goikoetxea-Aldazabal
MASTER 4 Txapelketa: abuztuaren 13tik 18ra (finalerdiak abuztuaren 13an eta finala abuztuaren 18an).
Txapeldunak: HORMAETXEA-ALDAZABAL
Txapeldunordeak: Beaskoetxea-Lekerika
Lehiaketa hauetan emaitza onenak lortzen dituzten bikoteek azken torneo batetan (Gran Slam izenekoa) neurtuko dituzte indarrak haien artean.
SLAM Txapelketa: abuztuaren 20tik 27ra (lehenengo finalerdia abuztuaren 20an, bigarren finalerdia abuztuaren 25ean eta finala abuztuaren 27an).
Erremontearen Eguna ospatu da Galarretan
Endika Barrenetxeak lortu zuen Urrezko Erremontea Saria aurrenekoz eta Estelarrean Juanenea-Ezkurra-Ion hirukoteak 40-35 irabazi zion Urriza eta Barrenetxeak osaturiko bikoari
Aurrera doa Emakume Master Cup Txapelketa
Astebukaeran, Getarian eta Pasaian jokatuko dira final-laurdenak, pilota goxuan zein mistoan
Neska xarelariak lehenengo aldiz jokatu dute Iparraldean
Naroa Goenaga-Nahia Gorriti eta Nora Galartza-Irati Fernandez bikoek xarearen historian beste urrats bat eman zuten