MENDI LASTERKETAK
Oihane Perez eta Ugaitz Artolak irabazi dute Euskal Herria Mendi Erronka
Bi urteko etenaldiaren ostean, 475 bat lasterkarik parte hartu zuten larunbatean Leitzan hasi eta bukatu zen Euskal Herria Mendi Erronkaren VIII. edizioan.
Mendi erronka lasterketa baino gehiago da, besteak beste, ofizialtasunaren, euskararen eta euskal mendizaletasunaren aldeko aldarria da. Baina bereziki auzolan erraldoia da, 400 boluntariok egindako lanaren emaitza delako.
ESAITekin [Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea] hasi zen proba egiten, mendi lasterketen inguruan ofizialtasuna lortzeko, eta ESAIT desagertu zenean, filosofia horrekin segitzea erabaki zuten. Horregatik urtero euskararen alde, euskal mendizaletasunaren alde… egiten duen norbait omentzen saiatzen dira antolatzaileek.
Lasterketa 08:00etan abiatu zen eta hamabost minutu lehenago, 07:45ean, aitzindariak izan ziren andereño euskaldunak (Kontxi Beitia Oiarbide pasaitarra, Izaskun Gastesi Zubeldia gorritiarra eta Kontxi Zabaleta Labaien leitzarra) omendu zituzten, euskarari eta euskal irakaskuntzari oztopoz beteriko garai batean egindako ekarpenagatik.
Lasterketari dagokionez, ohi bezala bi modalitate izan ziren, 67 kilometrokoa banaka egin beharrekoa eta erreleboka (32,8 km + 34,2 km) bi lagunek osatutakoa:
Ultra lasterketa: Lasterketa honek 67 kilometro eta 7.200 metroko desnibel metatua ditu eta Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri eta Leitzaldean barna ibiltzen dira lasterkariak. Hasiera eta helmuga puntuak Leitzan dituzte eta tartean sei kontrol-puntu eta bederatzi anoa-gune pasatzen dituzte. Irumugarrieta da ibilbideko punturik altuena (1.431 m), lasterketako 22.1. kilometroan, hain zuzen.
Errelebo lasterketa: EH Mendi Erronka lasterketaren ibilbide bera du, baina emakumeen parte hartzea sustatzeko asmoz bikoteka erreleboetan egin ahal izaten da, eta bietako batek, gutxienez, emakumea izan behar du. Lehenengo lasterkariak irteera puntutik Putzuzarreko anoa-gunerainoko zatia egiten du (32,8 km). Putzuzarren erreleboa emateno dio bikotekideari eta bigarren horrek Putzuzarretik Leitzako helmugaraino gelditzen den zatia egiten du (34,2 km).
67 kilometroko proba gogorrean, gizonezkoetan, Ugaitz Artola izan zen azkarrena, eta berarekin batera, Asier Rajadok eta Jon Ander Zabaleta osatu zuten podiuma.
Artolak zazpi ordu baino gutxiago behar izan zuen 67 kilometroko ibilbidea osatzeko (6 :56:49). Sei minutuko aldea atera zion bigarren helmugaratu zen Rajadori (7:02:56) eta bigarrenarengandik hiru minutu eskaera ailegatu zen hirugarrena: Jon Ander Zabaleta (7 :05:37).
Emakumezkoetan, berriz, Oihane Perez izan zen irabazlea eta bere atzetik, Izaskun Sanz eta Montserrat Vazquez zein Maria Ritcher helmugaratu ziren.
Hamalau lasterkarik egin zuten lasterketa luzea eta esan bezala horietan bizkorrena Perez izan zen (8.18.32). Handik hamar minutu baino gutxiagora ailegatu zen Sanz (8.28.17) eta Vazquez eta Ritcher elkarrekin helmugaratu ziren (9.14.20).
Erreleboka berriz, Hodei Lujanbio eta Oihana Zubillaga nagusitu ziren (6.50.59), eta Leire Baraibar eta Mikel Etxeberria bigarren gelditu ziren (7.03.07).
Gasteiz-Iruñea II Buts zirkuitua, 2021era atzeratu dute
Koronabirusaren pandemia dela eta, proba 2021eko maiatzaren 7an egitea erabaki dute antolatzaileek
2020an ez da Ehunmilak probarik lehiatuko
Ehunmilak Ultra-Trail, Goierriko2Haundiak eta Marimurumendi maratoia bertan behera gelditu dira koronabirusaren eraginagatik
Irailaren 12ra atzeratu dute Aloñako Igoera
Data aldaketa honek berrikuntzak ekarriko ditu, normalean igandean lehiatzen den lasterketa larunbatera pasako da eta goizean egin beharrean atsaldeko 16:00etan hasiko da