EUSKAL PILOTA
Oihana Orbegozok eta Laia Salsamendik irabazi dute Plazaz Plaza txapelketa
Oihana Orbegozo azpeitiarra eta Laia Salsamendi nafarra izan ziren Plazaz Plaza txapelketako garaileak joan den larunbatean jokatutako finalean Aldaregia-Ruiz bikotea 12-22 mendean hartu ondoren. Norgehiagoka hau Leitzako (Nafarroa) frontoian jokatu zen eta Ados Pilota elkarteak antolatutako lehen eskuz binakako txapelketa izan da.
Ekainean hasi zen Plazaz Plaza txapelketako lehenengo edizioa eta hamalau jardunaldi eta hamazazpi partida jokatu ondotik, Leitzan Plazaz-Plazako final handia jokatu zuten Aldaregia-Ruiz eta Orbegozo-Salsamendi bikoteek.
Finala hasi baino lehen, neskato pilotari gaztetxoak aritu ziren kantxa gainean, txapelketa osoan ohikoa izan den bezala (orotara, Leitza, Ultzama, Zizur, Sunbilla, Larraun, Otxandio, Oñati, Bergara, Auritz Berri, Lizartza eta Najerako pilota eskolako neskatoek parte hartu dute Plazaz Plazako ekitaldietan), honakoan Leitzako pilota eskolako nesken txanda izan zelarik. Haiekin batera Sunbillatik ere beste bi pilotari gazte batu zitzaizkien eta bi partidu eder eskaini zituzten, emakumeen pilotak etorkizuna duela erakutsiz.
Finalari dagokionez, hobeto hasi zen bikote gorria, markagailuan 6-1 aurreratu zirelarik urdinen hutsegite batzuk baliatuz. Partidu erditik aurrera baina, urdinen nagusitasuna begi-bistakoa izan zen, eta aurkariek defentsa lan handia egin zuten arren ez zen nahikoa izan urdinen joko bolada ona gelditzeko.
Markagailuari erreparatuta nahiko garaipen erraza izan zela ematen du baina partida borrokatua izan zen bukaerara arte, azkenean batez ere Laia Salsamendik jokatutako partida bikainari esker bikote urdinak txapela jantzea lortu zuelarik. Honenbestez aurtengo Plazaz-Plazako txapela Salsamendi-Orbegozo bikotearentzat izan zen, txapelketa guztian partidu bat bera ere galdu gabe.
Sari banaketaren ardura Javier Conde Nafarroako Pilota Federazioko presidenteak, Saioa Sagastibeltza Leitzako Udaleko ordezkariak, Oinatz Bengoetxea pilotari profesionalak eta Gorka Arizmendiarrieta Lacturaleko ordezkariak izan zuten.
Iparlur Masters Txapelketa sei erremontistekin hasiko da larunbatean
Zubiri, Goikoetxea V.a, Juanenea, Ansa II.a, Urriza eta Barrenetxea IV.a dira sei pilotariak
Lehen faseko bi bikote onenak izango dira Paxaka txapelketako finalean
Finala eta hirugarren posturako lehia datorren larunbat arratsaldean jokatuko dira Iruritako Aranabian
Bizkaia Paleta txapelketako finalerdiak zehaztu dira
Irazustabarrenak eta Etxanizek Galdos-Erasunen aurka arituko dira eta Huizi eta Martinek, Agirresarobe eta Arrietaren kontra