MENDI LASTERKETAK
Oihana Kortazarrek hiru eguneko Sanabria Trail proba irabazi du
Elgetarrak erabateko nagusitasuna erakutsi zuen Ultra Sanabriako hiru probetan
Hiru eguneko proba da Zamoran egiten den Ultra Sanabria eta pasa den ostiralean, larunbatean zein igandean jokatu ziren, hiruretan izan zelarik azkarrena Kortazar, lehenengo bietan iaz egindako markak hobetuta, gainera.
Ostiralean, 32,6 kilometro eta 1900 metroko desnibela duen Escudero – San Ciprian proba jokatu zuten lasterkariek eta bertan lasterketa hasi eta buka nagusitu zen Oihana Kortazar, 3:59:36ko denbora eginda. Lau ordu baino gutxiago egitea zuen helburu eta lortu egin zuen, hamargarren egin zuelarik sailkapen orokorrean.
Larunbateko bigarren etapak (San Martin de Castañeda – San Martin de Castañeda) 42 kilometro eta 1850 metroko desnibela zuen eta hemen ere azkarrena izan zen elgetarra, 4:20:18ko denboran helmugaratuta, iazko denbora baino minutu bat gutxiago alegia.
Igandeko hirugarren eta azken etapak San Martin de Castañedan bertan izan zuen irteera eta helmuga. 32,5 kilometroko ibilbidea 1200 metroko desnibelarekin. Berriz ere Oihana Kortazar izan zen garailea (3:31:28), kasu honetan iaz baino hamar minutu gehiago eginda.
Hiru probak irabazita beraz iazko garaipena errepikatu du Kortazarrek, 11:51:22ko denbora baliatuta hiru etapak osatzeko. Bigarren Ines Marques izan zen (12:36:05) eta Mariana Machadok osatu zuen podiuma (13:21:48). Burumendi Mendizale Elkarteko kideak, gainera, jokoan egon ziren hiru maillotak ere eskuratu zituen: sailkapen nagusiko urdina, jaitsierakoa eta mendikoa.
Euskal lasterkariei dagokionez, azpimarratzekoa da bosgarren postuan sailkatu zela Adriana Andino Echevarria bizkaitarra, 18:16:21ko denborarekin. Gainera, bikotekako proban Oier Goñi eta Iñigo Macias nafarrak inagusitu ziren.
SAILKAPENA
- OIHANA KORTAZAR ARANZETA BURUMENDI MT 11:51:22
- INÊS MARQUES SALOMON SUUNTO CARAVELA 12:36:05
- MARIANA MACHADO EDV 13:21:48
- DANIELA LASSO CLUB 16:36:35
- ADRIANA ANDINO ECHEVARRIA MUNARRIKOLANDA 18:16:21
Oihane Perez eta Ugaitz Artolak irabazi dute Euskal Herria Mendi Erronka
Erreleboka Hodei Lujanbio eta Oihana Zubillaga nagusitu ziren
Oihana Kortazar eta Xabi Vegas garaile, Arnoko mendi lasterketan
Elgetarrak gainera, probaren marka ere ondu zuen
Euskal Selekzioa SkyRunner Munduko Kopako bigarren proban aritu da
Sara Peña eta Maud Combarieu, laugarren eta bosgarren sailkatu ziren Madeiran