EUSKAL PILOTA
Oialume Zar eta Larre Gain sagardotegiek lortu dituzte lehenengo lau puntuak
Pasa den astelehenean hasi zen Sagardoaren Txapelketa, Oialume Zar eta Larre Gain sagardotegien garaipenekin. ETB1eko Erremontari saioaren barruan, Goikoetxea V.ak eta Barrenetxea IV.ak (Oialume Zar) Ansa eta Juaneneari (Petritegi) irabazi zieten jaialdiko lehen partidan, eta Urrizak eta Zubirik (Larre Gain) 17 tantotan utzi zuten Segurola-Azpiroz bikotea (Petritegi).
Txapelketako lehen bi emaitza hauek Oialume Zar eta Larre Gain berdinduta utzi dituzte lidertzan, lau punturekin. Setien hirugarren geratu da bi punturekin eta Petritegik ez du punturik batu.
Lehenengo norgehiagokan, Goikoetxea V.ak eta Barrenetxeak garaipena lortu zuten Ansa II.aren eta Juanenearen aurka, lau erremontistak indartsu aritu zirelarik, mailarik onena erakutsiz. Urdinek bost tantoko errenta izan zuten 15-20 eta 16-21ekoan, baina Goikoetxeak bi paretetara egindako tantoekin gorriak hurbildu ziren eta partida hobeto bukatu zuten, hartara Oialume Zar sagardotegiak lau puntuak eskuratu zituelarik. Barrenetxeak bere erara atera zuen, modu ikusgarrian, eta Goikoetxeak ez zuen ia akatsik egin.
Bigarren partidan ez zen emozio berbera izan. Urriza eta Zubiri pitzadurarik gabe jokatu zuten. Zubirik min egin zuen sakearekin eta Azpirozek ezin izan zuen inoiz mendean hartu. Urriza besteen gainetik nabarmendu zen. Denetik eta ondo egin zuen. Segurola eta Azpiroz saiatu ziren eta partida berdinduta eraman zuten lehen hamar tantoetan, baina gero partida hautsi zen eta gorrien bigarren zatia ikaragarria izan zen. Markagailua gorabehera, piloteoa izan zen nagusi, nahiz eta tantoak Zubiri eta Urrizaren aldean erortzen ziren ia beti. Urrizak erakustaldia eman zuen 19 tanto eginez. Urdinek gutxienez puntu bat erdietsi zuten.
Emaitzak:
- Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar) 30Ansa II.a-Juanenea (Setien) 29
- Urriza-Zubiri (Larre-Gain) 30 Segurola-Azpiroz (Petritegi) 17
Arraioz nagusitu da promozioko laxoa txapelketan
Finalean Irurita eta Arraioz neurtu ziren eta lehia estu eta ikusgarri baten ondoren, arraioztarrak nagusitu ziren, 8-9
Xabier Azpirozek irabazi zuen Eguberrietako erremonte txapelketa
Lekunberriko atzelariak hiruko finalean Xanti Uterga doneztebarra eta Ion Etxeberria azpeitiarra gainditu zituen
Zabalik da Binakako Master txapelketarako izen emate epea
Nahi duten emakume guztiek har dezakete parte eta azken urteetan ohitura den bezala, txapelketa bi mailatan jokatuko da: pilota mistoa eta pilota goxoa