EUSKAL PILOTA/XAREA
Neska xarelariak lehenengo aldiz jokatu dute Iparraldean
Neska xarelariak beste egun historikoa bizi izan zuten iragan larunbatean, lehen aldiz aritu baitziren Iparraldean
Irurako lau neskak izan zuten ohore hori otsailaren 21ean, Hazparneko Trinkete Berrian, zehazki Naroa Goenaga-Nahia Gorriti eta Nora Galartza-Irati Fernandez bikoek lehiatu zirelarik elkarren aurka.
Ostiralean, otsailak 21, hasi zen Hazparnen mutilen mailako xareko mastersa, iparraldeko 7 bikote, hegoaldeko bikote bat eta hegoalde-iparraldeko bikote misto bat parte hartuko dutelarik txapelketan.
Hala ere, notizia inaugurazio eguneko atariko partidan egon zen, Iparraldean historian lehen aldiz, nesken arteko xareko partida bat jokatu baitzen. Naroa Goenaga, Nahia Gorriti, Nora Galartza eta Irati Fernandez , Irurako neska xarelariek izan zuten ohore hori.
Irurako neska xarelariak historia egiten ari dira, eta ostiral honetan protagonista bilakatu ziren berriro ere. Aurretik, bazuten emana beste urrats historiko bat Iruran, xarearen mendeurrenaren egitasmoaren barruan, historian lehen aldiz jokatu baitzuten nesken arteko xare partida bat urtarrilaren 11an. Izan ere, Irurako Ametsa Trinketean, historian lehen aldiz, xareko nesken arteko infantil mailako partida ofizial bat jokatu zen, 2020ko xareko Gipuzkoako Txapelketa barruan.
Ametsa Pilota Elkarteko bi bikotek izan zuten ohore hori, Matxalen Mendizabal eta Maider Isasak, batetik, eta Nora Galartza eta Irati Fernandezek, bestetik. Partidari dagokionean, Mendizabal- Isasa I bikoa izan zen garaile, Galartza I- Fernandez bikoari 30-14 irabazita.
Honakoan berriz, Naroa Goenaga, Nahia Gorriti, Nora Galartza eta Irati Fernandezek, inoiz ahaztuko ez duten esperientzia bizi izan zuten Hazparneko Trinket Berrian. Arratsaldeko 18:30etan hasita, Xareko Mastersaren inaugurazio ekitaldiaren atariko partida jokatu baitzuten Irurako lau neska gazteek.
Iparraldeko Euskal Pilota Ligako arduradunek, nesken xareari bultzada eman nahi ziotela eta, xarez jokatzen den torneorik garrantzitsuenean, Xareko mastersean, alegia, atariko partida jokatzeko gonbidapenari helduta, Ametsa Pilota Elkarteko neskek xarearen historian sartzeko urrats berri bat eman zuten.
Partida orekatua joan zen amaierararte, azken zatira Naroa Goenaga-Nahia Gorriti bikoa 25-23 markagailuan aurretik zeudela heldu zirelarik. Hor amaitu zen bikoteen arteko parekotasuna eta irabazleek bi tantoetako abantaila hori dexente haunditzea lortu zuten, azkenean partida 35 eta 27 irabazi zutelarik.
Jarraian, Mastersaren aurkezpen ekitaldia izan zen, pilotari parte hartzaile guztiak kantxaratzerakoan, jokatu berriak ziren lau neskak ere deituak izan zirelarik ikuslegoaren omenaldia jasotzeko, munduko pilotari onenen artean.
Donostiako Grand Slam txapelketako finalerdiak zehaztu dira
Barandika eta Etcheto Olharan-Del Rioren aurka arituko dira eta Beaskoetxea-Lopez Aritz Erkiaga-Lekerikaren kontra
Nafarroako Foru Komunitateko Torneoa indartsu hasi da pala modalitatean
Guztira, berrogeita hamar bat pilotari lehiatu ziren, 12 eliteetan, 14 22 urtez azpikoen mailan eta 24 kadeteetan
Segurolak eta Azpirozek aurrerapauso handia eman dute Sagardoaren Txapelketan
Petritegiko ordezkariak 30-21 nagusitu ziren Aldabe eta Larrañagaren (Bereziartua) aurka