EUSKAL PILOTA/XAREA

Neska xarelariak lehenengo aldiz jokatu dute Iparraldean

by | 2020/02/25

Argazkiak: Ametsa pilota elkartea

Neska xarelariak beste egun historikoa bizi izan zuten iragan larunbatean, lehen aldiz aritu baitziren Iparraldean

 

Irurako lau neskak izan zuten ohore hori otsailaren 21ean, Hazparneko Trinkete Berrian, zehazki Naroa Goenaga-Nahia Gorriti eta Nora Galartza-Irati Fernandez bikoek lehiatu zirelarik elkarren aurka.

Ostiralean, otsailak 21, hasi zen Hazparnen mutilen mailako xareko mastersa, iparraldeko 7 bikote, hegoaldeko bikote bat eta hegoalde-iparraldeko bikote misto bat parte hartuko dutelarik txapelketan.

Hala ere, notizia inaugurazio eguneko atariko partidan egon zen, Iparraldean historian lehen aldiz, nesken arteko xareko partida bat jokatu baitzen.  Naroa Goenaga, Nahia Gorriti, Nora Galartza eta Irati  Fernandez , Irurako neska xarelariek  izan zuten ohore hori.

Irurako neska xarelariak historia egiten ari dira, eta ostiral honetan protagonista bilakatu ziren berriro ere. Aurretik, bazuten emana beste urrats historiko bat Iruran, xarearen mendeurrenaren egitasmoaren barruan, historian lehen aldiz jokatu  baitzuten  nesken arteko xare partida bat urtarrilaren 11an. Izan ere, Irurako Ametsa Trinketean, historian lehen aldiz, xareko nesken arteko infantil mailako partida ofizial bat jokatu zen, 2020ko xareko Gipuzkoako Txapelketa barruan.

Ametsa Pilota Elkarteko bi bikotek izan zuten ohore hori, Matxalen Mendizabal eta Maider Isasak, batetik, eta Nora Galartza eta Irati Fernandezek, bestetik. Partidari dagokionean, Mendizabal- Isasa I bikoa izan zen garaile, Galartza I- Fernandez bikoari 30-14 irabazita.

Honakoan berriz, Naroa Goenaga, Nahia Gorriti, Nora Galartza eta Irati Fernandezek, inoiz ahaztuko ez duten esperientzia bizi izan zuten Hazparneko Trinket Berrian. Arratsaldeko 18:30etan hasita, Xareko Mastersaren  inaugurazio ekitaldiaren atariko partida jokatu baitzuten Irurako lau neska  gazteek.

Iparraldeko Euskal Pilota Ligako arduradunek,  nesken xareari bultzada eman nahi ziotela eta,  xarez jokatzen den torneorik garrantzitsuenean,  Xareko mastersean, alegia, atariko partida  jokatzeko gonbidapenari helduta, Ametsa  Pilota Elkarteko neskek xarearen  historian sartzeko  urrats berri bat  eman zuten.

Partida orekatua joan zen amaierararte, azken zatira Naroa Goenaga-Nahia Gorriti bikoa 25-23 markagailuan aurretik zeudela heldu zirelarik. Hor amaitu zen bikoteen arteko parekotasuna eta irabazleek bi tantoetako abantaila hori dexente haunditzea lortu zuten, azkenean partida 35 eta 27 irabazi zutelarik.

Jarraian,  Mastersaren  aurkezpen ekitaldia izan zen, pilotari parte hartzaile guztiak  kantxaratzerakoan,  jokatu berriak ziren lau neskak ere deituak izan zirelarik ikuslegoaren omenaldia jasotzeko, munduko pilotari onenen artean.

Bueltan dira Zesta Puntako txapelketak

Bueltan dira Zesta Puntako txapelketak

Ostiral honetan, Jai Alai Masters Series Txapelketako lehen finalerdia jokatuko da, Beaskoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Aldazabal bikoteen artean