HERRI KIROLAK
Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz nagusitu dira emakumezkoen Binakako Euskal Pentlatoian
Argazkiak: Egursport
Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz debutariak izan ziren azkarrenak Tolosako zezen plazan, larunbatean jokaturiko Binakako Pentatloian. Emakumezkoetan lehiatzen zen bigarren aldia izan da aurtengoa eta garaileek, iazko errekorra aise ondu zuten.
Binakakoaren bigarren edizio honetan aurrenekoz, hiru bikote lehiatu dira. Garazi Arruti-Lucia Orbe eta Karmele Gisasola Zelai III.a-Ansorregi bikoteak aritu ziren iazko finalean, eta, oraingo honetan, Nerea Arrutik eta Amalur Arbelaitzek osatutako bikotea batu zitzaien.
Egin beharrreko lana ez zen lehenengo edizioan egindakotik aldatu: 63 kiloko bola hogei aldiz altxatu, 250 kiloko harriari tiraka bi plaza osatu, 45 ontzako bi enbor moztu, 25 kiloko txingekin sei plaza osatu eta plazari birak emanez bi kilometro korrika egin.
Esan bezala, Arrutik eta Arbelaitzek marka berria ezarri dute, 24.01 eginez. Bost minutuan ondu dute iaz Garazi Arruti eta Lucia Orbek lortutako marka, lehendabiziko aldiz emakumeak pentatloian lehiatu zirenean, Azpeitiako zezen plazan. Bigarren izan dira Lucia Orbe eta Garazi Arruti (26.52) eta hirugarrenak Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi (27.39).
Orbek eta Arrutik pixka bat lehenago bukatu zuten harri-jasotze proba, baina giza proban Arruti eta Arbelaitz aurretik jarri ziren eta bukaera arte mantendu ziren lehen postuan. Aizkoran, minutu bat eta 15 segundoko aldea ireki zuten bigarren bikotearekiko eta bi minutu baino gehiago, hirugarrenarekiko eta txingak jasotzen hasi zirenerako, beste bi bikoteak bigarren enborrarekin ari ziren oraindik.
Azken probara, bi kilometro korrika egitearena, abantaila handiz iritsi ziren, baina bikote txapeldunak ahal zuen guztia eman zuen errekor berria jarri ahal izateko eta helburua aise lortu zuten azkenean.
Peñagarikanok irabazi du Aizperroren aurka lehiatutako desafioa
Azpeitiarrak sei segundoko aldea atera zion oriotarrari, harria jasotzen, aizkoran eta korrika arituta jokatutako apostuan
Herri Kirol jardunaldia lehiatu zen Leitzan
Aizkoran Vicentek Rekondori irabazi dio, harrian Goikoetxek 35 jasoaldi eta Galarragak 32, eta Virginia Finolek 52 altxaldi egin zituen berriro
Urrezko Aizkolarien eta Harrijasotzaileen jardunaldi berri bat igandean Leitzan
Aizkoran, Iker Vicente eta Jon Rekondo neurtuko dira. Harrijasotzen, Aimar Galarraga Imanol Albizuren aurka eta Virginia Finol bakarkako lanean