HERRI KIROLAK
Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz nagusitu dira emakumezkoen Binakako Euskal Pentlatoian
Argazkiak: Egursport
Nerea Arruti eta Amalur Arbelaitz debutariak izan ziren azkarrenak Tolosako zezen plazan, larunbatean jokaturiko Binakako Pentatloian. Emakumezkoetan lehiatzen zen bigarren aldia izan da aurtengoa eta garaileek, iazko errekorra aise ondu zuten.
Binakakoaren bigarren edizio honetan aurrenekoz, hiru bikote lehiatu dira. Garazi Arruti-Lucia Orbe eta Karmele Gisasola Zelai III.a-Ansorregi bikoteak aritu ziren iazko finalean, eta, oraingo honetan, Nerea Arrutik eta Amalur Arbelaitzek osatutako bikotea batu zitzaien.
Egin beharrreko lana ez zen lehenengo edizioan egindakotik aldatu: 63 kiloko bola hogei aldiz altxatu, 250 kiloko harriari tiraka bi plaza osatu, 45 ontzako bi enbor moztu, 25 kiloko txingekin sei plaza osatu eta plazari birak emanez bi kilometro korrika egin.
Esan bezala, Arrutik eta Arbelaitzek marka berria ezarri dute, 24.01 eginez. Bost minutuan ondu dute iaz Garazi Arruti eta Lucia Orbek lortutako marka, lehendabiziko aldiz emakumeak pentatloian lehiatu zirenean, Azpeitiako zezen plazan. Bigarren izan dira Lucia Orbe eta Garazi Arruti (26.52) eta hirugarrenak Karmele Gisasola eta Uxue Ansorregi (27.39).
Orbek eta Arrutik pixka bat lehenago bukatu zuten harri-jasotze proba, baina giza proban Arruti eta Arbelaitz aurretik jarri ziren eta bukaera arte mantendu ziren lehen postuan. Aizkoran, minutu bat eta 15 segundoko aldea ireki zuten bigarren bikotearekiko eta bi minutu baino gehiago, hirugarrenarekiko eta txingak jasotzen hasi zirenerako, beste bi bikoteak bigarren enborrarekin ari ziren oraindik.
Azken probara, bi kilometro korrika egitearena, abantaila handiz iritsi ziren, baina bikote txapeldunak ahal zuen guztia eman zuen errekor berria jarri ahal izateko eta helburua aise lortu zuten azkenean.
Euskal Herriko emakumezkoen aizkora eta harri-jasotze txapelketak jokatu dira
Aizkoran, Nerea Sorondo beratarra suertatu zen garaile eta harri-jasotzen Karmele Gisasola mallabiarra
Izar berriak aizkora txapelketa berriari hasiera eman zaio Basaurin
Txomin Amundarain eta Ibai Soroa izan ziren azkarrenak lanak amaitzen larunbateko saioan
Hodei Ezpeletak irabazi du Urrezko Aizkolari Txapeldunen Liga
Txinga erute, harrijasotze, ingude, trontza eta lasto-jasotze probak ere izan ziren Lizarrako herri kirol jaialdian