SURFA
Natxo Gonzalezek irabazi du Galeako olatu handien txapelketa
Punta Galeako Challengea txapelketaren hamabosgarren edizioa, olatu handien gaineko Europako lehiaketa luzeena, astearte honetan jokatu zen, goizeko 9:00etan hasita.
Txapelketa honetan 24 surflari aritu ziren, horien artean, Natxo Gonzalez, Mat Agirregomezkorta, Ibon Lopez, Yago Domínguez, Javi Horn, Kosme Fernandez, Natxo Fernández, David Bustamante ‘Zuku’, Endika Ruiz, Tito Ortega, Axi Muniain, Indar Unanue, Aritz Aranburu eta Iker Amatriain euskaldunak.
Atzerriko parte-hartzaileen artean honakoak: Nic Lamb estatubatuarra (2014ko eta 2017ko edizioetako txapelduna), Mason Hyce Barnes haren herrikidea, Russel Bierke australiarra, Francisco Porcella italiarra, Tony Laureano eta Miguel Blanco portugaldarrak, Manuel Lezcano kanariarra, Fabian Campagnolo hegoafrikarra, Vinicius Dos Santos brasildarra eta Sacha Bongaertz ‘Taxi’ holandarra.
Eguraldia lagun izan zuten 24 surflariek, eguzkia eta tenperatura atsegina protagonistak izan baitziren. Sei metroko olatuak espero baziren ere, azkenean bost metro ingurukoak ikusi ahal izan ziren.
Sekulako ikusmina sortu ohi du txapelketa honek eta horren islada da 10.000 ikusle inguru gerturatu zirela Galeako itsalabarrera –eta milaka interneten bidez– 9 ordu inguru iraun zuen txapelketa ikustera.
Azkenean, Natxo Gonzalezek irabazi zuen lehiaketa, finalean Nic Lam, Russel Bierke, Iker Amatrain, Aritz Aranburu eta Miguel Blanco atzean utzita. Hartara, plentziarrak 2013an lortutako garaipena eskuratu zuen berriro ere.
Gonzalezek finaleko azken maniobran ziurtatu zuen garaipena (25.29), ordura arte puntu gehien zituen Aritz Aranburu gipuzkoarra mendean hartuta. Plentziako surflariak azkenengo unean 6,63 puntu gehitu zizkion bigarren olatuari, eta Aranburuk bere bi olatu onenekin baturiko 20.13ko marka gainditu zuen.
Hirugarren postuan, 2014 eta 2017 Galean txapeldun izandako Nic Lamb kaliforniarra geratu zen (18.46), laugarren Iker Amatriain gipuzkoarra izan zen (16.67), bosgarren Miguel Blanco portugaldarra sailkatu zen (15.57) eta seigarren Rusell Bierke (14.21).
SURFA
Leticia Canales, Europako txapeldun
Pauline Ado Angeluko surflariarekin jokoan zuen Europa WSL Qualifying Serieseko titulua eskuratu zuen sopeloztarrak
Europako Junior Zirkuituko lehen txapelketa irabazi du Adur Amatriainek
Bigarren Kai Odriozola sailkatu zen eta nesken mailan Janire Gonzalez finalerdietara ailegatu zen
Ruben Vitoriak Caparicako surf txapelketa irabazi du
Caparican lortutako 3.000 puntuek World Surf Leagueko Europako rankingeko 11. postuan jarri dute