HERRI KIROLAK/AIZKORA

Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren finalistak erabaki dira

by | 2021/10/03

Argazkiak: egursport.com

Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa jokatu zuten pasa den larunbatean Lekunberrin, azaroaren 19an edo 21ean Donezteben egingo den finalerako bost txartel jokoan zeudela.

Lekunberriko frontoiko plazan hasi zen lehia, 18:00etan, non zortzi aizkolari aritu ziren nor bai nor gehiago, bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat mozten: Otsagiko Iker Vicente,  Jon Rekondo (Leitza), Julen Kañamares (Arostegi), Eneko Saralegi (Errazkin), Iban Resano (Dorrao), Julen Olano (Leitza), Asier Pellejero (Areso) eta Joxean Etxeberria (Ziga).

Oier Kañamaresek ezin izan zuen parte hartu eta medikuaren agiria aurkeztu zuen.  Ruben Saralegik, berriz, lesio baten ondorioz aizkora uztea erabaki du. Beraz, Lekunberriko kanporaketako azken sailkatuak maila galdu zuen Ruben Saralegirekin batera.

Iker Vicentek nagusitasunez irabazi zuen proba, bi kana erdikoak, bi 60 ontzakoak eta oinbikoa 13 minutu eta 56 segundotan moztuta. Bigarren posturako lehia polita izan zen Eneko Saralegi eta Julen Olanoren artean. Azkenean Saraleg izan zen bigarren (16.36), Olanori hamar segundoko aldea atera ondoren (16.46). Laugarren Jon Rekondo izan zen (17.19), bosgarren Joxean Etxeberria (17.37), seigarren Asier Pellejero (17.40), zazpigarren Julen Kañamares (17.55) eta Iban Resano zortzigarren (19.16).

Emaitza hauek kontutan izanda, Nafarroako lehen mailako aizkora txapelketako finalerako boskotea osatu da dagoeneko eta Iker Vicenterekin batera, Eneko Saralegi, Leitzako Julen Olano eta Jon Rekondo eta Zigako Joxean Etxeberria arituko dira azaroan Donezteben.

Sailkapena:

Iker Vicente  13 minutu eta 56 segundo

Eneko Saralegi  16 minutu eta 36 segundo

Julen Olanoren  16 minutu eta 46 segundo

Jon Rekondo  17 minutu eta 19 segundo

Joxean Etxeberria  17 minutu eta 37 segundo

Asier Pellejero 17 minutu eta 40 segundo

Julen Kañamares  17 minutu eta 55 segundo

Iban Resano  19 minutu eta 16 segundo

Share This