EUSKAL PILOTA
Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako finalerdiak jokatu dira
Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako finalerako sailkatu dira Doneztebe eta Iruñea, finalerdietan Lizarra eta Baztani irabazita, hurrenez hurren
Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako bi finalerdiak pasa den asteburuan jokatu ziren. Aurrenekoan, Iruñea eta Baztanen arteko lehia eman zen, eta jokoan zeuden lau partidak irabazita, Iruñeak lortu zuen finalerako sailkapena.
Kimuen mailan, Lasok eta Olzak (Iruñea) 7-18 irabazi zieten Iribarreni eta Elizaintzini (Baztan). Haurren kategorian, Sarasibarrek eta Sanchezek (Iruñea) Iturralde eta Apeztegiari (Baztan) 3-18 irabazi zieten ere. Gazteetan, berriz, partida orekatua jokatu zuten Laso-Igoak (Iruñea) eta Etxebere-Ballarenak (Baztan). Azkenean, ordea, iruindarrak nagusitu ziren, 18-22. Finalerako txartela guztiz erabakita zela jokatu zuten laugarren eta azken partida, senior kategorian. Bertan, Mata-Irurita (Iruñea) bikoteak sei tantotan utzi zuen Ariztegi-Oskoz (Baztan) bikotea.
Bigarren finalerdia, berriz, Doneztebek eta Lizarrak jokatu zuten. Bina partida irabazi zituzten baina, tantoak kontuan hartuta Malerrekakoak gehiago izan ziren.
Kimuen mailako partida Fernandezek eta Sainzek (Lizarra) irabazi zuten, 11-18 nagusitu zirelarik Jimenezen eta Salaberriaren aurka (Doneztebe). Haurretan, Apezetxeak eta Garañok (Doneztebe) hutsean utzi zituzten Gartzia eta Sainz (Lizarra). Gazteen mailako partida aldiz orekatuagoa izan zen: Berruetek eta Pierolak (Lizarra) 20-22 irabazi zieten Telletxeari eta Loiarteri (Doneztebe). Aurreko emaitzak kontutan hartuta, seniorren mailako azken partida erabakiorra suertatu zen. Baina Doneztebeko pilotariek, Barandiaran eta Gorriti, ez zieten aurkariei aukerarik eman, 22-12 irabazi zietelarik Aznarezi eta Lanari.
Gauzak horrela, final handia abuztuaren 22an jokatuko dute Labriten Iruñeak eta Doneztebek. Bosgarren urtez jarraian Nafarroako Herriarteko finala jokatuko du Doneztebek, Iruñearen aurka finala jokatuko duen bosgarren aldia izango delarik.
Aurtengo Nafarroako Herriarteko Txapelketa
Nafarroako Herriarteko pilota txapelketak 51. edizioa duen honetan, orotara zazpi herri aritu dira txapela eskuratzeko lehian: Doneztebe, Baztan, Leitza, Lizarra, Ultzama, Larraun eta Iruñea.
Covid19 gaitzaren ondorioz, aurten ez da ligaxkarik izan, kanporaketak baizik, eta lau kategoriatan jokatu dituzte partidak: alebin, infantil, junior eta seniorrak.
Txapelketa sistemari dagokionez, iazko txapeldun izateagatik Doneztebe zuzenean finalerdietarako sailkatua zegoen eta gainontzeko sei herriek jokatu izan dituzte final laurdenetako kanporaketak, zozketaz egokitutako herrian.
Hiru kanporaketa izan ziren guztira: Baztan-Leitza, Lizarra-Ultzama eta Larraun-Iruñea. Finalaurdenen emaitzen ondorioz, bi finalerdiak honakoak izan dira: Doneztebe vs Lizarra eta Iruñea vs Baztan. Eta azkenik, abuztuaren 22ko finalean, Iruñea eta Doneztebe izango dira aurkariak.
Erkiaga eta Lopezek irabazi dute Miarritzeko Urrezko Eskularrua
Finalean Basque eta Ithurria bi setetan mendean hartuta (14-15 eta 9-15)
Urrizak aurrerapauso handia eman du final berri bat jokatzeko
Barrenetxea IV.ari 30-22 irabazita lider jarri da zortzi punturekin
Juaneneak bizirik jarraitzen du txapelketan Ansa gainditu ondoren
30-27 gainditu zuen Ansa II.a eta sailkatzeko aukerak mantentzen ditu