HERRI KIROLAK/AIZKORA/ARPANA
Nafarroako herri kirol txapelketak jokatu dira Lekunberrin
Pasa den igandean, urtarrilak 17, eguerdiko 12:00etan lehiatu zen herri kirol jaialdi mamitsua Lekunberriko frontoian. Publikoari irekia izan zen, aforo mugatuarekin eta osasun neurri guztiak zorrotz beteta. Gainera, herri kirol saioa streaming bidez ere ikusteko aukera egongo zen.
Aizkorari dagokionez, Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketako finala jokatu zen, non Julen Olano leitzarra, Jesus Etxeberria (Beintza-Labaien), Arribeko Txomin Amundarain, Asier Pellejero aresoarra eta Jon Telletxea (Beinta Labaien) aritu ziren nor baino nor gehiago txapelaren bila. Moztu behar izan zituzten enborrak honakoak: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat.
Julen Olano leitzarrak irabazi zuen txapelketa, Pellejero txapeldunordea izan zen eta Etxeberria hirugarrena, podiuma osatuz. Olanok 17 minutu eta 24 segundu behar izan zituen lanak amaitzeko, Pellejerok 18 minutu eta 57 segundu, Jesus Etxeberriak 20 minutu eta 54 segundo eta Jon Telletxea sailkatu zen laugarren postuan, 21 minutu eta 50 segundoko denborarekin. Emaitzen ondorioz, Julen Olano Leitzarra eta Asier Pellejero aresoarra igoko dira eta esan bezala Jacinto Etxekonaneak galdu du kategoria.
Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketako jaitsiera kanporaketa ere lehiatu zen Lekunberrin, Jacinto Etxekonanea (Beintza Labaien) eta Patxi Mindegia zubietarraren artekoa. Egin beharreko lanak: bi kanaerdiko eta 60 ontzako enbor bat ahalik eta azkarren moztea.
Bigarren mailako aizkora txapelketako kanporaketan, Patxi Mindegia zubietarrak ezin izan zuen parte hartu lesio baten ondorioz eta kanporaketa hartan Beintza-Labaiengo Jacinto Etxekonanea azken aurreko sailkatu zen. Maila mantentzeko asmoarekin jaitsiera kanporaketa jokatzeko eskatu zuen Mindegiaren aurka eta halaxe burutu zen haien arteko lehia Lekunberriko saioan, non Mindegia erraz nagusitu zen (10:18), Etxekonaneak 13 minutu eta 5 segundo behar izan zituelarik.
Lekunberriko jaialdian, Nafarroako arpana txapelketa mistoa ere jokatu zen, bertan hamabi bikote neurtu zituztelarik indarrak. Ultzamako Ainhoa Iraizoz eta Josetxo Barberena nagusitu ziren, etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai emateko 5 minutu eta 38 segundo aski izan zituztelarik. Daniel Saldias eta Irune Biurrun bigarren izan ziren (6´48´´) eta Olatz Altuna eta Josu Elizalde hirugarren (7´23´´).
Sailkapena:
- Ainhoa Iraizoz – Josetxo Barberena 5´38
- Irune Biurrun-Daniel Saldias 6´48´´
- Olatz Altuna-Iosu Elizalde 7´23´´
- Uxue Rodriguez-Iosu Huarte 7´26´´
- Sela Goñi-Jesus Goñi 7´30´´
- Saioa Izura-Lur Gil 7´45´´
- Andrea Goñi-Oier Aizkorbe 8´36´´
- Alaitz Olano-Mattie Garaikoetxea 8´50´´
- Esti Gastearena-Unai Bertiz 8´52´´
- Oihane Ganuza-Iker Goldarazena 9´23´´
- Beatriz Tanco-Oier Kañamares 10´04´´
- Marian Otxoa-Alberto Oteiza 10´09´´
Beti Gazterentzat Nafarroako launakako sokatira txapelketako azken bi txapelak
Bi jardunaldiak lehiatu ostean Lesakako emakumeek 235 kilokoan eta gizonezkoek 300 kilokoan garaile izan ziren
Urrezko Aizkolarien hirugarren jardunaldia jokatu zen larunbatean Lekunberrin
Hurrengo faserako txartela lortu zuten aizkolariak, Julen Olano, Ibai Soroa eta Goizeder Belza izan ziren
Euskadiko Sokatira Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen Azkoitian
Gaztedi A taldea izan zen garailea 6 puntu eskuratuta eta haren atzetik sailkatu zen Goiherri 5 punturekin