EUSKAL PILOTA
Nafarroako eskuz binakako txapelketako emakumezkoen finalak jokatu dira
Pasa den larunbatean, otsailak 20, Nafarroako eskuz binakako emakumezkoen lehenbiziko eta bigarren mailetako finalak jokatu zituzten Iruñeko Labrit pilotalekuan. Publikoa sartzeko aukera egon zen, betiere kopurua ezarritako neurrira mugatuta eta osasun neurri guztiak zorrotz beteta (finalak ikusgai daude Nafarroako Euskal Pilota Federazioko Facebook orrialdean).
Lehenbiziko mailan, Naroa Elizalde zubietarrak eta Irantzu Etxebeste beratarrak Andrea Aldaregia latasarra eta Olatz Ruiz de Larramendi (Ameskoa) izan zituzten kontrario eta 22-15eko markagailuarekin nagusitu ziren Aldaregia eta Ruiz de Larramendi. Partida gogorra izan zen baina azkenean gorriek eraman zuten txapela etxera. Bikote irabazlea sarritan jokatu izan du elkarrekin baina orainarte ez zuen txapelketarik irabaztea lortu.
Nafarroako Kluben Arteko Emakumezkoen 2. Mailako Binakako Txapelketako finalean, Goizuetako Umore Ona taldeko Ainhoa Zabaletaren eta Maria Eskuderoren kontra aritu ziren Altsasuko Pilotajaukuko Unane Vergara eta Sonia Alonso. Aipatzekoa da altsasuarrak hasieratik hartu zutela aginte makila, norgehiagoka hasi eta buka nagusi izan zirelarik. Azkenean, argi eta garbi gailendu ziren finalean, 22 eta 9 irabazi baitzieten goizuetarrei. Beraz, Vergarak eta Alonsok Nafarroako 2. mailako txapela jantzi zuten, meritu handiz. Honakoa denboraldi bikaina izaten ari da Sonia Alonsorentzako, altsasuarrak abenduan Nafarroako Kluben Arteko Emakumezkoen 2. mailako Banakako txapelketa irabazi baitzuen, Oberenako Garazi Lasari 18 eta 9 irabazi eta gero. Orain, binakako txapela lortu du Udane Vergararekin.
Sari banaketan, Nafarroako Pilota Federazioko zein Umore Ona Elkarteko ordezkariak izan ziren, azken hauek zoriondu egin zituztelarik txapelketako parte-hartzaileak, bai txapeldunak, bai eta azpitxapeldunak ere, egindako lanagatik.
Arraioz nagusitu da promozioko laxoa txapelketan
Finalean Irurita eta Arraioz neurtu ziren eta lehia estu eta ikusgarri baten ondoren, arraioztarrak nagusitu ziren, 8-9
Xabier Azpirozek irabazi zuen Eguberrietako erremonte txapelketa
Lekunberriko atzelariak hiruko finalean Xanti Uterga doneztebarra eta Ion Etxeberria azpeitiarra gainditu zituen
Zabalik da Binakako Master txapelketarako izen emate epea
Nahi duten emakume guztiek har dezakete parte eta azken urteetan ohitura den bezala, txapelketa bi mailatan jokatuko da: pilota mistoa eta pilota goxoa