ARRAUNA

Mikel Bildosola, Europako markak hausten

by | 2021/03/17

Mikel Bildosola (Getxo,1983) ekonomialaria ikasketaz, eta igeriketari lotua egon da betidanik. Eliteko igerilaria, irakaslea, entrenatzailea… markak hausten dabil Masterretan: aurreko astean Espainiako eta Europako errekorrak hautsi ditu Galdakaon. Getxoko EH Bilduko zinegotzia da egun.

Egun on, Mikel. Konta iezaguzu zer den lortu duzuna?

Aspalditik, 32urte nituenetik, Master mailan lehiatzen dut. Igeriketan Master maila, atletismoan beteranoan mailaren parekoa da. Oraingoan 35-40 urte tartekoentzako probara aurkeztu naiz, eta lehenagotik nik neuk nuen Europako errekorra, gainditu dut 100 metro librean. Neurri batean neuretzako ere ezustekoa izan da. Hemendik 2 hilabetetara izango den proba batean lehiatzeko prestatzen aritu naiz, han lortzeko asmoz. Baina orain lortu dut. Beraz, espero dut, hemendik hilabetera edo, oraindik zerbait hobetzea marka hori, horretan saiatuko naiz behintzat.

Nola balidatzen da errekorra?

Oraingoan Galdakaon izan da. Bertako taldeak torneo bat antolatua zuen eta parte hartu dugu. Federazioko epaileak zeuden eta denbora balekoa emateko, ezinbestekoa den krono elektronikoa ere.

Egindako denbora nazioarteko federaziora bidali behar da, ontzat eman dezaten hainbat informazio osagarriarekin (bainu jantziaren ezaugarriak eta abar) eta haiek ontzat eman behar dute.

Ze prestaketa egin duzu proba honetarako?

Orain zinegotzia izanda, ez daukat denbora soberan, baina nire oinarrizko entrenamendua 6 egunetakoa da. 3 egunez gimnasioan entrenatzen dut eta beste 3 egunez igerilekuan. Saiatzen naiz entrenamenduak oso teknikoak egiten. Intentsitate handikoak. Gainera asko jarraitzen ditut munduko eliteko igerilarien entrenamendu ereduak. Oso jantzita egoten naiz eta igerilekuan ordubete baino gehiagorako denborarik ez badugu ere, gogor aritzen naiz, beti zerbait hobetu nahian.

Ze laguntza duzue?

Gure mailan, bidaiak eta gastuak poltsikotik ordaintzen ditugu. Nik zorionez badaukat babesle bat, bainujantziak eta abar ematen dizkidana. Eta ez da gutxi, oso garestiak izaten baitira. Baina diru laguntzarik ez dago eta geu egiten gara gastu guztien kargu.

Europako zure mailako errekorra, zu zeuk zenuena, hautsi duzu. Baina aurretik ibilbide luzea duzu?

Elite mailan ere ibili izan naiz, eta ondo ibiltzen nintzen. Aurrenekoetan ibiltzen nintzen Euskadiko txapelketetan eta Espainiakoan ere. Dominak ere lortu nituen.

Zein dira zure hurrengo proiektuak?

Pandemiak dena baldintzatzen du eta ez dakit ze proba egingo diren. Budapesten egingo den Europako txapelketan parte hartu nahi nuke. Baina ez dakit proba mantenduko den. Ofizialki oraindik mantentzen da, baina bertan behera geldituko den ustea ere handia da.
Espainia mailan izango diren txapelketetan parte hartuko dut, eta
Master mailan munduko txapelketan.

Nola hartzen duzue parte euskal kirolariek nazioarteko txapelketetan?

Master mailan, klub bezala aurkeztu behar da, nahiz eta indibidualki jardun gero. Elite mailan selekzio gisa aurkeztu behar da.

Eta nola dago zuen kirolean euskal selekzio gisa aurkezteko aukera?

Bidea egiteko asmotan ginen. Pandemia hau baino lehen Federazioak bilera informatibo batzuk eginak zituen eta Dabid Salinas abokatuak informatu gintuen. Gaia batzarrera eramatekoa zen, baina dena hankaz gora geratu zen.

Federazioko hauteskundeak egin berri dira eta lehengoak jarraitzen dute. Gaia batzarrera eramatearen aldekoak ziren eta uste dut horretan jarraituko dutela. Beraz, egingo delakoan nago eta jendeak bere iritzia emango duela. Federazioko presidentearekin behin baino gehiagotan hitz egin dut horretaz, eta nire aldetik al dudan neurrian bultzatuko dut. Gainera diziplina honetan, nazioarteko federazioak, FINAk, ez omen du inoren onespena behar gurea onartzeko.

 

binary comment

Twitter

IGERIKETA