MENDIA

Mendi Tour zine zirkuituaren 12. denboraldiko lehen hitzorduak

by | 2022/01/20

Argazkiak: mendifilm

Mendiko zinemagintza onenaren eskaintza ibiltaria, 2022ko Mendi Tour zirkuitua, Gipuzkoan eta Nafarroan abiatuko da. Abenduan egin zen BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldian saritutako eta gehien nabarmendutako pelikulekin osatutako programazioek, abentura eta akzio dosi handiak zabalduko dituzte han eta hemen.

Zine eta kultur aretoetako pantaila handietan, inspirazio bete-betekoa. Urtarrileko emanaldiak gainean dira, eta hortik aurrerako datak finkatzen ari dira.

Kultur aretoetako edukierak mugatuta daudela ekingo zaio 2022ko Mendi Tourrari, iaz bezala, baina hori ez da muga izango genero honetako pelikula onenak eta berrienak, publikoarengana helarazteko.

MENDI TOUR 2021

Ataunek zabalduko du egutegia, urtarrilaren 21ean, ostiral gauean (21:30). Mendi Tourra lehendabiziko aldiz iritsiko da Gipuzkoako Goierriko herri honetara, Aralarko Parke Naturalaren altzoan. Saioa Herriko Antzokian egingo da, Elbarrena auzoan, eta Ataungo Udalak babestu du. Sarrera ez da kobratuko, eta 21:00etan zabalduko da, aforoa bete arte.

Handik Donostiako Antzoki Zaharrera, Club Vasco de Camping Elkartea eta Donostia Kulturaren eskutik, hilaren 24 eta 25ean, astelehena eta asteartea (19:00). Hitzordu klasiko bat jada, 11.edizioa baitu Mendi Tourrak bertan. Bi egunetako eskaintza, lehenean ‘Mendiak-1976’ programatuz, eta bigarrenean bost film laburrekin kartelera bizia eta gaitegiz oparoa eskainiz. Sarrerak Antzoki Zaharreko leihatilan daude  salgai.

Lekukoa Zangozak hartuko du, urtarrilaren 28an eta otsailaren 4ean, ostiraletan, Karmengo Entzutegian (20:00). Mendi Jardunaldiak antolatu ditu beste behin Zangozako Udalaren Kirol Patronatuak, eta haien baitan Donostiako hautu bera egin da programazioa osatzerakoan: ‘Mendiak-1976’ lehen saioan, eta film laburren dibertimendua bigarrenean. Sarrerak Karmengo Entzutegiko on-line plataforma bidez eskuratu daitezke.

‘Mendiak-1976’ pelikula arrakastatsua

BBK Mendi Film Bilbao Bizkaian 2 sari jaso zituen ‘Mendiak-1976’ filmak sekulako ikusmina sortu du. Urtarrilean Ataunen, Donostian eta Zangozan programatu da. 1976an Hindu Kusheko Shakhaur zazpimilakoan espedizio nafar bat eta poloniar bat betirako anaitu zituen istorio zirraragarria dakar gogora Luis Arrieta iruindarrak zuzendutako pelikulak: lehen euskal zazpimilakoa, istripuak, mugarik gabeko elkartasuna, erreskate miresgarri bat, zentsuratutako gutunak, berreskuratutako kontaktua, eta duela hilabete pasetxo, Bilbon, berriro topatzea 45 urte eta gero.

Pelikula Bilbon estreinatu zen eta bi sari irabazi zituen: Mendiko Film Onena eta Ikusleen Saria. Iruñeako Golem zinemetan hilabete darama karteldegian, arrakasta handiz.

Mendi Tourra Gasteizen

Mendi Tourra Gasteizen

Mendiko zinemagintzarik onena ikusgai Vital Fundazioa Kulturunean, martxoaren 14tik 18ra

Share This