MENDIA

Mendi Tour, urteko azken emanaldiak

by | 2020/11/03

Argazkiak: mendifilm

Errenteria, Amurrio, Basauri, Elgoibar eta Arrasaten Udazkeneko Mendi Tourraren azken aleak  

Mendiko zinemagintza da abenduro Bilbon ospatzen den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdi tematikoaren ardatza, eta generoa abiapuntu hartuta, harekin erlazionatuta dauden gaiak jorratzen dituen film andana aurkezten dituzte urtero luzatzen duten deialdira. Bada, Mendi Tour egitasmoaren bidez, jaialdi ibiltari bilakatu eta Euskal Herriko zein Espainiar estatuko herrietan ere erakusten dituzte aurreko edizioko film nabarmenenak.

Abenduaren 4tik 13rako BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 13. edizioa ate joka dagoela, azaroan bost Mendi Tour emanaldi egingo dira: Errenteria (Niessen Kulturgunea), Amurrio (Amurrio Antzokia), Basauri (Sozial Antzokia), Elgoibar (Herriko Antzokia) eta Arrasateko (Amaia Udal Antzokia) aretoetan ikusi ahal izango dira aurten azkenengoz, pantaila handian eta zine kalitatean, Cholitas, Harria Herria, Manaslu, Climbing Blind, Nebula, Ostatnia Gora eta Allein (Alone) pelikulak, iazko Mendi Filmeko nabarmenetakoak, aurten Mendi Tourrean arrakasta itzela izan dutenak.

2020 berezi honetan Mendi Tourrak aire berritua ekarri du. Udaberrian hainbat saio atzeratu ziren, geroztik haietako zenbait berreskuratu dira udan eta udazkenean, beste zenbait aurten ediziorik gabe geratu dira halabeharrez, baina hitzordu berriak ere sortu dira. Makurra izan zitekeen Mendi Tour urteak ezaugarri bat du nagusi: ikusleen gogoa eta bultzada mendiko zinemaz eta kulturaz gozatzeko.

Egun indarrean diren jokamoldeetarako araubideei eutsiz, aretoetako edukierak murriztuta, beti musukoak erabiliz eta distantzia soziala zainduz, eta bertako nahiz mugakideak diren udalerrietako biztanleei zuzendutako eskaintza da azaroko Mendi Tourrarena.

Mendiko zinemagintzako pelikularik gaur-gaurkoenak eta puntakoenak proiektatuko dira, mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak pantailara ekarriz.