EUSKAL PILOTA

Mendaur taldeak irabazi du Malerrekako pilota erronka

2022/05/23

Argazkiak: Ados Pilota

Ados pilota elkarteak eta Malerrekako Mankomunitateak, Malerrekan errespetuzko harremanak kanpainaren barruan, Malerrekako Erronka pilota txapelketa antolatu dute, zazpi asteburutan emakume profesionalen arteko pilota partidak jokatu dituztelarik zazpi herritan.

Berriki jokatu duten txapelketan egin duten bezala, amen abizenekin jokatu dute Ados pilota elkarteko emakumeek Malerrekako erronka ere. Txapelketari dagokionez, bertako mendien izena duten lau taldetan banatutako hamabi emakume aritu dira, talde bakoitzean hiru pilotari izan direlarik. Jardunaldi bakoitzean binakako partida bat 22 tantora eta lau eta erdiko partida 18 tantora jokatu dituzte profesionalek. Talde guztiak elkarren aurkako ligan aritu dira eta finala bi talde onenen artean lehiatu da.

Txapelketako lehenengo jardunaldia apirilaren 9an jokatu zen eta azkenean Malerrekako Erronkako txapelduna igande honetan jokatutako finalean erabaki zen, non Mendaur (Arrieta, Oses eta Mujika) eta Ekaitza taldeak  Iturriaga, Etxekolonea eta Mendiburu) elkarren aurka aritu ziren.

Sunbillako pilotalekuan jokatu ziren finaleko bi norgehiagokak, eguerdiko 12:00etatik aurrera, txapelketako jaialdi guztietan bezala, lau eta erdiaren barruan buruz buruz partida bat 18 tantora eta binaka beste partida bat 22 tantora jokatu zituztelarik

Txapelketako partiden aurretik, beti bezala, eskualdeko pilotari gaztetxoak aritu ziren Sunbillako pilotalekuan, final haundiaren aurretik, 11:00etan hasita.

Azkenean, Mendaur nagusitu zitzaion Ekaitzari, izan ere, jokatu ziren bi partidetako bana irabazi zuen talde bakoitzak, baina Mendaurkoek lau tanto gehiago egin zituzten.

Lau eta erdiaren barruko lehian, Ekaitzako Iera Iturriagak 18-12 irabazi zion min hartutako Osesen ordez aritu zen Irantzu Iantziri. Beraz, Ekaitzakoek 17 tanto egitea aski zuten binakakoan txapela janzteko, baina ez zuten helburua lortu. Mendaurko Arrietak eta Mujikak 22-12 irabazi zieten Ekaitzako Naroa Etxekolonea eta Ane Mendibururi, hartara  Mendaur taldeak erdietsi zuelarik garaipena.

EMAITZAK

Mendaur 1 Ekaitza 1

  • Iturriaga 18 Iantzi 12
  • Etxekolonea-Mendiburu 12 Arrieta- Mujika 22

Garaikurrak banatzen Jon Telletxea, Malerrekako Mankomunitateko presidentea eta Ixaro Petrirena, Sunbillako udal zinegotzia izan ziren.

Ados pilota elkarteak eskerrak eman nahi izan zizkion Malerrekako Mankomunitateari txapelketa hau antolatzeko aukera emateagatik eta gure pilota eskolako neska txikiei gure atzetik horrelako ilusioarekin ibiltzeagatik.

Emakume Master Cup Txapelketa Villabonan

Emakume Master Cup Txapelketa Villabonan

Pilota goxua modalitateko bi partida izango dira larunbatean Villabonan eta Binakako Emakumea Pilotari Txapelketako bigarren edizioa hasiko da ostiralean