EUSKAL PILOTA
Maiatzean hasiko den 2022ko Jai Alai World Tour zirkuitua aurkeztu dute Bilbon
Atzo, martxoaren 23an, aurkeztu zen Jai Alai World Tour 2022 zesta-punta zirkuitua, Bilbon. Bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, jaialdiaren antolatzaileak (Jai-Alive, Gernika Jai-Alai, Munduko Pilota Batzarra, etab.), torneoan parte hartuko duten kirolari batzuk eta txapelketaren egoitzak izango diren herrien udaletako ordezkariak.
Donostiako, Markinako, Gernikako eta Hondarribiko pilotalekuak izango dira Jai Alai World Tour 2022 zesta-punta zirkuituko lau Grand Slam txapelketen egoitzak. Maiatzaren 14an hasiko da txapelketa Donostiako Carmelo Balda frontoian, eta ekainaren 11n amaituko da bertan; ondoren, Markinan (ekainaren 18tik uztailaren 16), Gernikan (uztailaren 23tik abuztuaren 16ra) eta Hondarribian (uztailaren 15etik urriaren 1era) jokatuko dituzte partidak.
Grand Slam bakoitzeko bikote irabazleek, edo, irabazleak errepikatuz gero, bigarrenek, Lauko Finala jokatuko dute oraindik zehaztu gabe dagoen egoitzan eta egunetan. Gainera, iragarri dutenez, abenduan, banakako txapelketa bat egongo da programatuta Berriatuan. Abenduaren 2an hasiko da 2021eko formatu berdinarekin eta finala abenduaren 30ean izango da.
Txapelketa bakoitza sei bikotek jokatuko dute, eta hirunako bi multzotan banatuko dira. Lehenengo biak elkarren aurka ariko dira finalerdietan, lehenengoa bigarrenaren aurka, eta irabazleek finalean jokatuko dute titulua.
Antolatzaileek iragarri dutenez, 12 pilotarietatik zortzi, koadroko onenak, finkoak izango dira txapelketa guztietan, eta gainerako laurak enpresek aukeratuko dituzte lehiaketa bakoitzaren aurretik, merezimenduen edo sasoi puntuaren arabera. Guztira, 16 eta 18 bitartean izango dira zirkuituan parte hartuko dutenak.
Aritz Erkiaga, Iñaki Osa Goikoetxea, Diego Beaskoetxea eta Jean Olharan aurrelariek eta Imanol Lopez, Unai Lekerika, Nicolas Etcheto eta Jon Zabala atzelariek tokia ziurtatuta dute.
Euskal Selekzioa junior mailako Europako txapelketan arituko da
Joko zuzenen lehiaketa honetan beste bost herrialde lehiatuko dira; Italia, Belgika, Ingalaterra, Valentzia eta Herbehereak
Luzean taldeak irabazi du 58. Enrique Abril Errebote Txapelketa
Donibane Lohizuneko taldeak finalean 13-2 irabazi zion Villabonako Behar Zanari
Azpeitiko Erremonte Txapelketako bigarren jardunaldia lehiatu da
Loitegik eta Barrenetxea IV.ak 40-33 irabazi zieten Segurolari eta Aizpururi, eta Urrizak eta Labakak 30-40 Goikoetxea eta Zubiriri