SASKIBALOIA

Lointek Gernikak Eurokopako multzoen fasea jokatuko du datorren urtarrilean

2020/11/25

Argazkiak: gernikasaski.com

Lointek Gernika Bizkaiak Eurokopako multzoen fasea jokatuko du datorren urteko urtarrilaren 17tik 23ra, eta ‘burbuila baten barruan” egingo du, hasiera batean aurreikusita zeuden sei partida jokatu beharrean hiru besterik ez dituelarik jokatu behar izango, FIBAk onartu duen formatu berriaren arabera. Urriaren erdialdera hastekoa zen multzoen fasea baina Nazioarteko Federazioak (FIBA) osasun egoeraren bilakaeraren arabera bestelako lehiaketa formatoen aukera aztertzen hasi zen eta orain indarrean jarri du lehiaketa eredu berri hau.

Oraindik zehazteke dagoen egoitza batean izango da, eta F multzoko hiru aurkarien kontra arituko da partida bakarrera, sei egunen  buruan, emaitza hauen ondorioz sailkapeneko aurreneko bi postuetan geratzen diren taldeak hurrengo fasera pasatuko direlarik.

Ondorengo kanporaketak ere burbuiletan jokatuko dira partida bakarrera, hiri bakoitzak adar bereko bi norgehiagoka hartuko dituelarik. Gainera, Eurokopako aurtengo edizioan ez dira sartuko Euroligatik kanporatutako taldeak eta beraz, laburtu egingo dira lehiaketaren epeak. Horrela, final-zortzirenak eta finalaurdenak martxoaren 14tik 18ra jokatuko dira, eta bigarren burbuila horretatik irtengo dira Lauko Finalean parte hartuko dutenak. Lauko Final hori ere egoitza bakarrean lehiatuko da, apirilaren 9tik 11ra.

Aurkari gogorrak izango ditu aurrez aurre Lointek Gernikak

Abuztuan, Munichen egindako zozketak ez zion berri onik ekarri Lointek Gernika Bizkaia taldeari, izan ere, Europako emakumezkoen bigarren mailako txapelketan multzo gogorra egokitu zitzaion.

Gernikarrak laugarrenez lehiatuko dira Europako mailako bigarren kategorian, eta multzoen fasean hasiko dute zuzenean txapelketa, azkeneko emakumezkoen Endesa Ligan hirugarren postua eskuratu izanagatik.

Esan bezala, Eurokopako ligaxkan, F multzoan aritzea egokitu zitzaion Gernikari, non aurkari indartsuak izango dituen aurrez aurre: Frantziako Flammes Carolo eta La Roche Vendee taldeak, batetik; eta Espainiako Ciudad de la Laguna Teneriferen eta Flandriako Kangoeres Mechelenen arteko atarikoaren irabazlea, bestetik (abenduaren 16an bien artean aurrekanporaketa bat jokatuko dute multzoan fasera nor sailkatuko den erabakitzeko).

Flammes Carolo taldea, Charleville-Méziéres herrikoa (Ardenas), Frantziako ligako hirugarren postuan zegoen martxoan lehiaketa eten zenean, 17 partidetan 10 garaipen erdietsita. La Roche Vendée, La Roche-sur-Yon herrikoa (Vendée departamendua) zazpigarrena zen sailkapenean, zortzi garaipen eta bederatzi porrotekin. Gernikarren hirugarren aurkaria, Tenerife talde espainiarra edo Kangoeroes Mechelen belgiarra izango da. Tenerifek zortzigarren postuan amaitu zuen Endesa Ligan (hamaika garaipen eta beste horrenbeste porrotekin), eta Kangoeroes aldiz, bosgarrena zen bere ligan, 22 jardunalditan 15 garaipen lortuta.

Share This