SASKIBALOIA

Lointek Gernikak bikain hasi du Europako ibilbidea

2021/10/15

Argazkiak: gernikasaski.com

Beste urte batez, eta bosgarren sasoiz jarraian, Gernika Bizkaiak Europatik bidaiatuko du Eurokopari esker. Iaz final laurdenetan sartzeko pausu txiki batera geratu ostean, talde gernikarrak esperientzia errepikatuko du aurten.

2021-2022 EuroCupeko aurkariak zehazteko zozketan bizkaitarrak H Multzoan kokatuta geratu ziren La Roche Vendée Basket Club talde frantziarrarekin, Virtus Segafredo Bologna italiarrarekin eta Flammes Carolo vs Piestanske Cajky partidaren irabazlearekin batera.

Ostegun honetan jokatu zuen Lointek Gernikak Eurocup txapelketako aurreneko norgehiagoka Virtus Segafredo Boloniaren aurka eta bere lehen garaipena erdietsi zuen bost punturen aldearekin irabazita. Eurokopako talde oso zailean daude bizkaitarrak eta kanpoan lorturiko garaipenek balio haundia dute, batez ere kontutan hartuta partida honetan hainbat jokalari garrantzitsuk ezin izan zutela parte hartu.

Lehiaren hasierako hamar minutuak orekatuak izan ziren, Lointek Gernikak aurretik zegoen markagailuan baina abantaila handiak lortu ezinean, eta ondorioz ados heldu ziren lehen laurdenaren amaierara (18-18).

Bigarren laurdenean ordea bai lortu zutela gernikarrek zuloa irekitzea, 21-27 eta 24-34, partidaren atsedenaldira 30-41eko abantailarekin iritsi zirelarik. Jarraian, errenta handitu zuen Lointek Gernikak (31-45), baina Virtus Boloniak ez zuen etsi eta zortzi puntura gerturatu zen (42-50), azkenean hirugarren laurdena 44-54 amaitu zelarik.

Baina azkeneko laurdenean nekearen eragina nabaritu zuen euskal taldeak eta italiarrek horretaz baliatu ziren lehia estutzeko, hiru minuturen faltan 56-59 jarri zutelarik markagailua.  Italiako taldea hiru puntura hurbildu zen ere (56-59) norgehiagoka amaitzeko hiru minutu falta zirenean. Bukaerarako 20 segundoren faltan puntu bakarrekoa zen Bizkaiko taldearen errenta (60-61) baina ondo aritu ziren azken tartetxo horretan eta garaipena etxera ekartzea lortu zuten (60-65).

Fitxa teknikoa:

60 – Virtus Segafedo Bolonia (18+12+14+16): Barberis (4), Battisodo (2), Dojkic (19), Zandalasini (14) eta Hines-Allen (20); Pasa, Ciavarella, Tava, Laterza (1) eta Tassinari.

65 – Lointek Gernika Bizkaia (18+23+13+11): Silva (12), Buch (7), Roundtree (14), Arrojo (10) eta Moore (12); Ariztimuño (7), Brcaninovic (3), Ginzo eta Alberdi.

Partzialak: 18-18, 30-41 (atsedenaldia); 44-54 eta 60-65 (partidaren amaiera).

Epaileak: Alfred Jovovic (Kroazia), Emma Perry (Irlanda) eta Tom Dehondt (Belgika).