EUSKAL PILOTA
Lizarraldea Oinez pilota txapelketa amaitu da
Argazkiak: nafarroaoinez.eus
Pasa den larunbatean, maiatzak 22, Lizarraldean Oinez lau t’erdiko pilota txapelketari amaiera eman zitzaion Lizarra Udal Pilotalekuan, 18:00etan hasita bertan jokatu baitziren finalak.
Lizar Jai Pilota Elkartearekin batera, pilota goxoarekin eta Estellerrian barna jokatu den lau t’erdiko pilota txapelketa abian izan da martxotik geroztik eta esan beharra dago arrakasta izugarria izan duela.
Ekimenaren helburuetako bat 2021eko Nafarroa Oinez Lizarraldeko herrietara gerturatzea zen eta, hala izanik, pilota partidak Deikaztelun, Lezaunen, Murietan, Oteitzan, Zudairen eta Lizarran jokatu dira. Nabarmentzeko pilotalekuetan sortu den giroa eta pilotariek eskainitako ikuskizun biziak.
Finalak hiru topaketa eskaini zituen, ehun pertsona inguruk bertaratu zirelarik hauek zuzenean ikustera. Batetik, elite mailako nesken partida, non Andrea Aldareguia eta Maite Ruiz de Larramendi Iera Aguirre eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka lehiatu ziren.
Lizarra Udal Pilotalekuaren 55 urteetan lehen aldiz, emakumezkoen eskuz binakako partida jokatu zen, bertan Andrea Aldaregiak eta bere etxera itzuli zen Maite Ruiz de Larramendik 17-22 galdu zutelarik Iera Agirre eta Maiteren ilobaren aurka, Olatz Ruiz de Larramendi. Partida polita eta entretenigarria izan zen eta zaleek gozatu egin zuten.
Bigarren mailako finalak finalerdiko pilotari berberak izan zituen protagonista. Iñigo Aranak 22 -11 irabazi zion Agorretari finalerdietan jokatutakoa baino arinagoa izan zen partidan. Lehen mailan, Fernando Azanzak 22-9 irabazi zuen Txapela Iñigo Etxabarriren aurka zeinek ezer gutxi egin ahal izan zuen lehenak erakutsitako jokoaren kontra.
Sari banaketan, Unai Gardoki, Lizarra Ikastolako lehendakariak eta Inma Aranak ikastetxeko irakasle ohiak bigarren mailako txapeldunari eta txapeldunordeari sariak eman zizkieten. Marta Igoak, Nafarroako Ikastolen Federazioko kideak eta Pello Etxanizek, Lizarra Ikastolako irakasleak gauza bera egin zuten lehen mailako finala jokatu zuten pilotariekin. Aldi berean, bi finaletako txapeldunak neskei sariak emateaz arduratu ziren.
Gogoan izan behar da bere garaian hala Lizarra Ikastolan, nola Lizarra Pilotalekuan eskola ugari eman izan zirela eta eguraldi txarra izaten zenean jolastoki gisa baliatzen zirela biak.
Izar Jai Ekarteak eskerrak eman zizkien txapelketan parte hartu duten pilotariei, zaleei partida guztietan parte hartzeagatik, Lizarra Ikastolari eta Nafarroa Oinezi ekitaldiaren alde egiteagatik, MS Instalaciones eta Deikaztelu, Lezaun, Murieta, Oteitza (Iturtxipia Pelotazale Elkartea barne) Zudaire eta Lizarrako Udalei pilota herrikoia eta Nafarroa Oinez Merindadean barna zabaltzeagatik.
Erremontea abian jarriko da berriro ekainean
Dagoeneko entrenamenduak hasiak dira Galarretan eta Oriamendik lehiaketa antolatuko du
Udazkenera arte atzeratu da Euskal Herriko kluben arteko Nazionalaren azken fasea
Geratzen diren bi jardunaldiak, finalaurreko bat eta finala bera, iraila pasa arte ez dira jokatuko
Euskadiko Pilota Federazioak GRABNI txapelketa bertan behera utzi berri du
Antolakuntzak ez du posible ikusten txapelketaren datak berrosatzea bestelako txapelketekin topo egin gabe