WATERPOLO

Leioa Waterpolo Ohorezko Mailara

by | 2020/05/25

Leioa Waterpolo emakumezkoen taldeak datorren denboraldian jokatuko du lehenbizikoz Ohorezko Mailan 

 

Espainiako Igeriketa Federazioaren Batzorde Delegatuak larunbatean egin zuen bilera telematikoki eta espezialitate guztietako estatu mailako lehiaketak bertan behera uztea erabaki zuen. Horren ondorioz, ontzat eman ditu etenaldiaren aurretik indarrean zeuden sailkapenak eta jeitsierarik ez dela egongo baina igoerak errespetatuko direla baieztatu zuen, emakumezkoen zein gizonezkoen ligetan.

Hori dela eta, Leioa WLB taldea emakumezkoen maila nagusira (Premaat Liga) igoko da historian aurreneko aldiz, denboraldia eten zenean Lehenengo mailako (bigarren kategoria dena izatez) bigarren postuan zegoelako.

Pandemiaren eraginez txapelketa eten zenean bost jardunaldiren faltan, Leioako taldea bigarren lekuan kokatua zegoen, 37 punturekin. Leioako neskek 12 partidu zituzten irabazita, bat berdinduta eta hiru galduta. Lehenengo postuan A.R. Concepción-Ciudad Lineal taldea zegoen 40 punturekin (partidu bat gutxiago jokatuta), 13 partidu irabazita, bat berdinduta eta beste bat galduta zituelarik.

Aurtengoa denboraldi bikaina izan da Leioa Waterpolorentzat, jardunaldi batzuetan lehenengo postua ere lortu zutelarik, baina orohar oso lehia zirraragarria eta estua mantendu dute Concepción-Ciudad Lineal Taldearekin, ea denboraldi amaieran lidergoa nork eskuratzen zuen, kontutan izanda lehen postu horrek zuzeneko igoera bermatzen zuela, bigarren postuan geratzen zena aldiz, igotzeko oraindik promozio-saio bat jokatu behar zuelarik.

Beraz, Leioako taldea kategoria nagusietan lehiatuko den bigarren talde euskalduna izango da, Waterpolo Navarra sailkapenean azken aurrekoa egonda ere maila mantenduko duelarik, jeitsierak ezerezean geratu baitira.

Sekulako arrakasta da Leioako taldeak lorturikoa, estatu mailako kategoria nagusietan parte hartuko duen herririk txikiena (32.000 biztanle) izango baita. Taldearen entrenatzaile Jon Lopezek adierazi duenez “herri txiki batetako instalazio txikiak dituen talde txiki batentzat benetan harro egoteko modukoa da heldu garen lekuraino iristea. Balentria hutsa da jokalari talde honek lortutakoa”.

Concepción-Ciudad Lineal eta Leioa WLB taldeen igoerarekin, eta jeitsierarik ez dela egongo kontuan izanda, emakumezkoen Preemat Ligak hamabi talderekin abiatuko du 2020-21 denboraldia.

Igeriketa/Waterpolo