EUSKAL PILOTA/ERREMONTEA
Lehiatu da Sagardoaren Txapelketaren hirugarren jardunaldia Galarretan
Sagardoaren Txapelketako hirugarren partidua (B multzoko bigarrena) jokatu zen ostegunean, martxoak 12, 16:00etan hasita
Setien eta Altzueta aritu ziren elkarren kontra, hau da, Ansa II eta Larrañaga, Juanenea eta Garcesen kontra. Azken honek Agirrezabalaren ordez jokatu zuen, oraindik ez baitago jokatzeko moduan.
Partida borrokatua izan zen eta azkenean Ansa II.a eta Larrañagak 40-29 hartu zuten mendean Juanenea-Garces bikotea. Hasiera berdindua izan zuten hogeigarren tantora bitarte, baina gorriak 21-17 eta 29-20 aurretik jarri eta alde hori handitu zuten, bukaerako 40-29a arte.
Aurrelariek maila oso ona erakutsi zuten, eta gorrien garaipena atzean erabaki zen. Larrañaga oso sendo aritu zen, eta hor lortu zuten abantaila. Larrañagak bost tantu egin zituen sakez, zazpi piloteoan eta bi hutsegite izan zituen. Garcesek bi tantu sakez, hiru piloteoan eta lau hutsegite.
Partida honekin, B taldeko lau bikoteak lehian sartuta egon dira dagoeneko. Txapelketako lehenengo partidan, B multzoko aurreneko norgehiagoka ere bazena, puntuazioari dagokionez, emaitza berdina eman zen, lau eta batekoa, Barrenetxea IV hernaniarrak, Aldaberekin, 35 eta 40 galdu zuelarik Matxin III eta Azpirozen contra.
Beraz, B multzoko sailkapen orokorrean, Setien eta Petritegik launa puntu eskuratu dituzte dagoeneko, Oialume Zarrek puntu bakarra eta Altzuetak ez du punturik bildu momentuz.
Bestalde, partida nagusian, Ezkurra II.a doneztearrak eta Barrenetxea IV.ak 40-39 irabazi zieten Urriza eta Ioni, partida ikusgarri batean. Lau erremontistak bikain aritu ziren eta jendearen txalo artean atera ziren.
Osteguneko jardunaldiaren emaitzak:
1.-Etxarri-Labaka, 35; Urrutia II.a-Zubiri,16
2.- Ansa II-Larrañaga (Setien), 40; Juanenea-Garcés (Altzueta), 29
3.-Ezkurra II.a-Barrenetxea IV.a, 40; Urriza-Ion, 39
4.- Goikoetxea V.a-Azpiroz, 26; Aldabe-Aizpuru III.a, 30
Sagardoaren Txapelketa
Orotara zortzi bikotek hartuko dute parte txapelketan, lauko bi multzotan banatuak eta bikote bakoitzak sagardotegi baten ordezkari gisa lehiatuko da.
Zehazki hauek dira nor baino nor arituko diren bikoteak:
Goikoetxea-Endika (Gurutzeta), Ezkurra II-Zubiri (Larre Gain), Urriza-Arruarte (Bereziartua), Segurola-Ion (Gaztañaga), Matxin III-Azpiroz (Petritegi), Juanenea-Agirrezabala (Altzueta), Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) eta Ansa II-Larrañaga (Setien).
Azpimarratzekoa da, pasa den urtearekin alderatuta bikote guztiak desberdinak direla, iazko irabazleek ere, Segurola eta Endika, bikotea aldatu dutelarik.
Esan bezala, zortzi bikote hauek bi multzo ezberdinetan (A eta B) ekingo diote txapelketari eta multzo bakoitzean lehiatuko den ligaxkaren ondoren lehenengo bi postuetan geratzen diren bikoteak sailkatuko dira hurrengo faserako.
Talde bakoitzean denak denen kontra ariko dira, ostegun eta larunbatetan, eta bi lehenbizikoak sailkatuko dira apirilaren 23tik maiatzaren 2ra jokatuko den finalerdietako ligaxkarako.
Sailkatutako lau bikote hauek beraz lauko beste talde batean lehiatuko dira eta lehenengo biek eskuratuko dute maiatzaren 9an jokatuko den finalerako txartela, iazko formatu berdina errepikatuz.
A taldea honako bikoteek osatzen dute: Goikoetxea-Endika (Gurutzeta), Ezkurra II-Zubiri (Larre Gain), Urriza-Arruarte (Bereziartua) eta Segurola-Ion (Gaztañaga). B taldean aldiz, honakoak: Matxin III-Azpiroz (Petritegi), Juanenea-Agirrezabala (Altzueta), Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) eta Ansa II-Larrañaga (Setien).
Ligaxkek azken urteetako txapelketa guztien formatu berdina jarraituko dute, bikoteek egiten duten tantoaren arabera puntuak emanez. Lau puntu irabazleei, bi 36 eta 39 tanto bitartean egiten dituztenei, bat 32 eta 35 artean geratzen direnei eta zero 32 tantora iristen ez direnei. Pasa den urtean sartu zen berritasuna ere errepikatuko da eta 26 tantora iristen ez denari puntua kenduko zaio.
Eusko Label binakako txapelketako laugarren jardunaldia jokatu da asteburuan
Ostiraletik igandera bitartean hiru jaialdi izan ziren, Oñatin, Aizarnazabalen eta Antzuolan, hurrenez-hurren
Amaitu da Nafarroako 22. Paxaka txapelketa
Gorka Urtasun, Ugutz Zelaieta eta Jabi Apeztegia dira txapeldun berriak
Sei bikotek jokatuko dute Jai Alai Winter Series txapelketa
Urtarrilaren 29an hasiko da sei bikoteen arteko ligaxkarekin eta finala martxoaren 20an izango da