FUTBOLA/EUSKAL HERRIA TXAPELA

Lasesarre prest dago Euskal Herriko Txapela nork eramango duen ikusteko

2017/08/03

 

Barakaldoko Lasesarre futbol zelaia prest dago abuztuaren 12an Athletic-ek eta Alavesek nor baino nor gehiago Euskal Herriko lehen txapelaren bila jokatuko duten partida hartzeko. 2003an inauguratu zen estadioak ia 8000 ikusle biltzeko ahalmena dauka eta normalean 2. B mailan jokatzen duen Barakaldo taldearen partidak hartu baditu ere, Emakumezkoen Euskal Selekzioaren partidak, edota beste hainbat talderen partidak ikusi ahal izan dira bertan. Oraingoan, Euskal Herriko gizonezkoen Lehen Txapelketako finala hartuko du.

Lasesarre 3

Izen bereko auzoan kokatuta dagoen zelai moderno honek 1922ko jatorrizko futbol zelaia ordezkatzen du. 2003ko irailaren 30an jokatu zen bertan bere lehen norgehiagoka, Barakaldo eta Athletic-en artean hain zuzen ere eta bilbotarrek 2 eta 3 irabazi zuten partida hartan. Eduardo Arroyo arkitektoak diseinatuta, 9.260 metro koadroko azalera dauka eta Galindo ibaiaren eta trenbidearen artean dago kokatua. Arkitektonikoki berezia kanpotik, barruan deigarria da kolore anitzeko eserlekuak dituelako, baina baita zelai desmuntagarria delako eta beraz, aforoa handitzea beharko baluke ez luke arazorik edukiko. 105 metro luze eta 68 metro zabal da zelaia eta harmailak eraikuntza txikitan banatuta daude, 650 eta 300 pertsona hartzeko modukoak. Zatikatze honekin lortu nahi dena da jende mugimendua azkarra izan dadila eta trabatzerik ez gertatzea. Horrela gainera, sute bat edo ezbehar handi bat gertatuko balitz ebakuazioa oso azkarra izatea lortuko litzateke.

Lasesarre 5

Partida honetako bi aurkarientzat da berezia zelai hau. Alavesek 1928tik daki zer den Barakaldon jokatzea (orduan Lasesarre zaharrean) eta orain gutxi arte Bigarren B mailan jokatu izan du aurkari moduan bertan. Baina, zale babazorroek ondo gordeta dute Lasesarreko harmailetako oroitzapena, orain urte eta erdi, bertan jokatu baitzuten gasteiztarrek Bilbao Athletic-en aurkako partida eta derbi horretan 2 eta 3 (Manu Garciaren, gaur egun taldeko kapitainaren, golarekin) irabazita urte asko eta gero lehen mailara igotzeko garaipen bakarraren faltan gelditu ziren. Garaipen hori etxean, Mendizorrotzan, lortu zuten hurrengo jardunaldian Numantziari 2 eta 0 irabazita, eta arabarrek berriz ere lehen mailarako txartela eskuratu zuten.

xxxx

Athletic-entzat ere berezia da oso, bera izan baitzen zelaia inauguratu zuen taldeetako bat. Gainera, talde bizkaitarrak daukan filosofia dela eta, bigarren taldetik hainbat eta hainbat jokalari igo dira lehen taldera eta horietako askok jokatu izan dituzte Lasesarren partidak etxeko taldearen aurka. Jose Angel “Kuko” Ziganda bera ere hainbatetan egon da Barakaldoko zelaian entrenatzaile gisa, oraingoan baina, lehen taldearekin ahaleginduko da partida irabazten.

Lasesarre 1

Gainera, eta liga hasteko aste bat besterik falta ez dela kontutan hartuta, garbi dago, bai talde bat eta baita bestea ere sasoiko iritsiko dela lehiara. Titulu bat eta derbia dela kontutan hartuta gainera ziur partida beroa bezain polita ikusteko aukera izango dugula. Gogoratu behar dugu, partidarako sarrerak salgai daudela dagoeneko Kutxabankeko kutxazain berezietan eta baita Internet bidez ere (https://tickets.kutxabank.es/ES/description/?id=10884&site=984&b=1) 5, 15 eta 20 eurotan. Dagoeneko jendea hasi da animatzen hala ere oraindik sarrerak salgai aurki daitezke. Hurrengo egunetan Athletic-ek bere takilatan ere jarriko ditu salgai, Iraultza 1921 taldeak ere sarrerak salduko ditu eta zenbait tabernetan ere erosteko aukera egongo da.

Share This