EUSKAL PILOTA
Larunbatetako ohiko erremonte jaialdiak bueltatu dira Galarretara
Larunbatetako jaialdiak itzuliko dira Galarretara eta astelehenetako Sagardoaren Txapelketako hitzorduak ordu bete aurreratuko dira aste honetatik aurrera
Erremonte jaialdiak larunbatero itzuliko dira Galarretan, aste honetatik aurrera. 16:30etan hasiko dira jaialdiak eta hiru partidu iragarriko dituzte larunbatero, Oriamendi enpresako arduradunek azaldutakoaren arabera. Larunbatetako itzulera honetan, lehenengo jaialdian, estelar interesgarria lehiatuko da.
Ansa II.a eta Larrañagak, Ezkurra II.a eta Juanenearen aurka jokatuko dute. Gipuzkoarren eta nafarren arteko derbia izango da eta hasiera batean behintzat oso parekatua izatea espero da. Estelarra 40 tantora jokatuko da eta lehendabiziko partidua eta hirugarrena 35 tantora.
Lehendabiziko norgehiagokan Etxarri eta Odeik, Urrutia II.a eta Martirenaren kontra arituko dira eta jaialdia Goikoetxea V-Apezetxea vs. Loitegi-Labaka partiduak itxiko du. Apezetxea goizuetarra berriz ere kantxa gainean ikusteko irrikitan daude zaleak eta ikusmin haundia piztu da. Berria txapelketan estreinatu zen eta partidu guztiak irabazi zituen, oraindik ez duelarik porrotik jaso profesionalen mailan.
Sagardoaren Txapelketa, 18:00etara aurreratu da
Dena dela, astelehenero lehiatzen den Sagardoaren Txapelketak jarraituko du, ekainera luzatuta, Erremontari saioaren barruan. Partiduak 22:30etan eskaintzen diren arren ETB1en, partiduak arratsaldean zehar jokatzen dira Galarretan. Hernaniarrak gonbidatuak daude jaialdira eta ordu aldaketa izango da asteleheneko jaialdian. Orain arte 19:00etan hasten zen, eta astelehenetik ordubete aurreratu eta 18:00etan hasiko da txapelketako lehenengo partidua eta jarraian jokatuko da, 19:15ak aldera, bigarrena.
Oraindik ez dira iragarri hirugarren jardunaldiko bi partiduak, baina bigarren partiduak jokatuko dituzte bikote gehienek. Hirugarren partidua jokatuko duenik ere egongo da.
Markina-Xemeinen hasi da Jai Alai World Tour zesta-punta zirkuitua
Beaskoetxea-Lekerika eta Erkiaga-Ibon Aldazabalen arteko finalerdiak eman zion hasiera zesta-puntako zirkuituari
Salsamendi-Ruiz de Larramendi eta Arraiza-Gaminde, txapeldun
Nafarroa Foru Erkidegoa lehiaketako txapelak jantzi zituzten Nafarroa Arenako jaialdi historikoan
Ostegunean hasi zen Baztan-Errekako gaztetxoen laxoa txapelketa
Bost talde ariko dira, hiru Doneztebekoak eta bi Iruritakoak eta abuztuaren 6an jokatuko dute finala Arraiozko plazan