EUSKAL PILOTA
Larunbatean hasiko da Iruñerriko Erremonte Profesionaleko txapelketa
Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolaturiko Iruñerriko Erremonte Profesionaleko txapelketaren lehen edizioa larunbat honetan hasi eta apirilaren 9an amaituko da, Nafarroako pilotaleku ezberdinetan lehiatuko direlarik jokatu beharreko bost jardunaldiak: finalaurdenetako hiru saioak, finalerdia eta finala.
Guztira sei bikote arituko dira nor baino nor gehiago: Zeberio II.a-Otano, Uterga-Barricart, Ezkurra II.a-Saldias, Martxin III.a-Garces, Aldabe-Azpiroz eta Otxandorena-Ion.
Finalaurdenetako ligaxka hiru asteburutan lehiatuko da: aurrena martxoaren 20an Antsoainen arratsaldeko 18:00tan hasita, bigarrena martxoaren 27an ordu berean Atarrabiako Lorenzo Goikoa pilotalekuan, eta hirugarrena martxoaren 28an Huarteko Toki Alain eguerdiko 12:00tan.
Jarraian, apirilaren 3an finalerdiko saioa lehiatuko da Eguesibarren arratsaldeko 18:00tan non finalaurdenetako norgehiagoken irabazleak neurtuko diren, eta hil bereko 9an finalerdietako kanporaketa honetako bi bikote onenek jokatuko dute final haundia Labrit pilotalekuan, arratsaldeko 18:30tan.
Norgehiagoka guztiak osasun neurri zorrotzak beteta burutuko dira, aforo murriztuarekin, segurtasuneko distantzia gordeta eta musukoak jantzita.
Antolakuntzak jakitera eman duenez, aforoari dagokionez pilotaleku bakoitzeko balizko ikusle kopuruaren %50a sartu ahal izango da, gehienez 200 pertsona egon ahal izango direlarik harmailetan.
Finalaurdenetako ligaxkako lehenengo kanporaketa larunbat honetan jokatuko da Antsoaingo Iradi pilotalekuan, Ezkurra II.a-Saldias eta Matxin III.a-Garces bikoteen arteko lehia izango delarik.
Partiduetako sarrerak 5 eurokoa izango dira eta biltzen den diru guztia ADANO Nafarroako minbizidun umeen elkartearentzat izango da.
Eusko Label Binakako Pilota Txapelketaren finalerdiak jokatu dira
Datorren igandean, otsailaren 27an, 12:00etan hasita jokatuko dituzte finalak Azkoitiako Gurea pilotalekuan
Eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketako saioa jokatu da Elduainen
Hainbat partida jokatu ziren pasa den igandean, goizeko 10:30etatik aurrera Udal pilotalekuan
Barrenetxeak jokatuko du 2022ko Iparlur Masterseko finala
Juaneneari gailendu zaio finalerdian, argi eta garbi (30-14)