EUSKAL PILOTA/XAREA
Larunbatean hasiko da II. San Migel Xare Irekia
Xare modalitateko pilotari onenek parte hartuko dute irailaren 5ean, larunbatean, hasi eta urriaren 3an amaituko den II. San Migel Xare Irekian.
Guztira sei bikote arituko dira nor baino nor gehiago Irurako Ametsa Trinketean, bi multzo ezberdinetan banatuta, eta multzo bakoitzeko taldeek ligaxka bat jokatuko dute denek denen aurka, irailaren 5ean, 11n eta 19an.
Aipatu bikoteak Iparraldeko 10 pilotarik eta Irurako 2 pilotarik osatuko dituzte: Lopetegi (Irura)-Karrikaburu, Apeztegia (Irura)-Sistiage, Driolet-Moncada, De Paredes-Borteyru, Larronde-Algaranondo eta Etxeverri-Funosas izango dira.
Multzo bakoitzeko sailkapenaren lehenengo bi postuetan geratzen diren taldeek finalerdiak jokatuko dituzte, irailaren 26an. Finalerdietan nagusitzen diren bi bikoteak aldiz, elkarren aurka arituko dira final haundian, urriaren 3an, 17:00etan. Finalaren atarikoan, iaz bezala, herriko nesken arteko partida izango da ikusgai.
Lehenengo jardunaldia, irailaren 5ean izango da, 17:00etan Ametsa Trinketean. Aurreneko partidan, Driolet-Moncada bikoa Larronde-Algaranondoren aurka arituko da. Bigarrenean, De Paredes-Borteyru bikotea, Apeztegia-Sistiageren aurka neurtuko da.
I. San Migel Xare Irekia
San Migel Xare Irekia txapelketako aurreneko edizioan, lehen aldiz, nesken parte-hartzea egon zen.
Iparraldeko sei pilotari izan ziren lehian txapelketan, Irurako birekin batera. Beraz, lau bikote osatu zituzten, aurten baino bi gutxiago: Apeztegia eta Funosas, Lopetegi eta Bortheiru, Driolet eta Etxeverri, eta Larronde eta Moncada. Hasieran ligaxka jokatu zuten, denek denen aurka, eta finalerdiak zein finala herriko festen barruan lehiatu ziren.
Finalaren atarikoan nesken arteko xare partida antolatu zuten, partida historikoa, artean xarez nesken arteko partidu ofizialik ez baitzen jokatua. Hiru bikote egin zituzten: Naroa Goenaga-Matxalen Mendizabal, Nora Galartza-Maider Isasa, eta Irati Fernandez-Nahia Gorriti. Hiru bikoteek elkarren aurka jokatuko zuten, 10 tantotako joko bana, hain justu.
“Arkupetik trinketera 1919-2019” aldizkaria
Xarea kirol berezia da herrian, Irurako ondare izatera iritsi delarik, eta hartara mendeurrena (Xareak Irurarekin izan zuen lehen harremana, 1919. urtean gertatu zen) ospatzeko ekitaldi ezberdinak antolatu zituzten iazko abenduan. Urtarrilean berriz, Irura eta xarearen arteko lotura berezi horren berri emateko aldizkaria argitaratu zuten. “Arkupetik trinketera 1919-2019” aldizkaria eskuratzeko sakatu HEMEN
Erkiaga eta Lopezek irabazi dute Miarritzeko Urrezko Eskularrua
Finalean Basque eta Ithurria bi setetan mendean hartuta (14-15 eta 9-15)
Urrizak aurrerapauso handia eman du final berri bat jokatzeko
Barrenetxea IV.ari 30-22 irabazita lider jarri da zortzi punturekin
Juaneneak bizirik jarraitzen du txapelketan Ansa gainditu ondoren
30-27 gainditu zuen Ansa II.a eta sailkatzeko aukerak mantentzen ditu