HERRI KIROLAK/AIZKORA
Larrañaga eta Rekondo Urrezko binakako aizkolarien finalera
Urrezko Aizkora txapelketako azken finalistak dira Mikel Larrañaga eta Jon Rekondo. Emakumezkoetan, Irati Astondoak ere finalerako pasea eskuratu du.
Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako seigarren eta azken jardunaldia ospatu zen igandean Beasaingo Antzizar kirolegian. Bertan aritu ziren lehian Saralegi eta Otaño, Larrañaga eta Rekondoren aurka. Urrezko Banakako Txapelketako jardunaldian berriz, Irati Astondoa eta Maika Ariztegi izan ziren aurrez aurre. Harri-jasotze lanetan Xabier Peña aritu zen lanean.
Urrezko Aizkolarien Txapelketaren baitan, gizonezkoen binakakoa eta emakumezkoen banakakoa jokatzen ari dira urte hasieratik eta oraingoan beste jardunaldi bat lehiatu da Beasainen.
Gizonezkoen Urrezko binakako txapelketari dagokionez, seigarren eta azken jardunaldia lehiatu zen, lehen faseari amaiera eman diona, Mikel Larrañaga-Jon Rekondo eta Ruben Saralegi-Eneko Otañoren arteko norgehiagoka izan zelarik.
Azkenean, Mikel Larrañagak eta Jon Rekondok garaipena lortu zuten. Orotara 22 minutu eta 55 segundu behar izan zituztelarik lana amaitzeko: 45 ontzako enborra erlojuaren aurka mozten 1.30ko denbora behar izan zuten. Kanaerdikoa zutik mozten, 1.28koa. 65 ontzakoa abiadurazko frogan mozten, 1.56koa. Laugarren froga 45 eta 54 ontzakoak etzanda jarrita moztea izan zen (2´14´´). Iraupenezko azken proban lau enbor 60 ontzako eta bi enbor 65 ontzako moztu zituzten (15´47´´).
Bere aurkariek, Ruben Saralegik eta Eneko Otañok, lan berdinean guztira 24 minutu eta 53 segunduko denbora erabili zuten: erloju kontra (1´34´´), zutik (1´21´´), abiaduran (2´10´´), zutik/etzanda (2´24´´) eta iraupenezkoan (17´24´´).
Irabazleek beraz martxoaren 7an Azpeitian jokatuko den finalerako hirugarren eta azken txartela lortu zuten. Izarraitz pilotalekuan jokatuko da txapelketaren finala eta hiru bikotek neurtuko dituzte indarrak bertan: sailkatu berri diren Larrañagak eta Rekondok, Iker Vicentek eta Jesus Mari Mujikak, eta Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.ak.
Emakumezkoen Aizkora Txapelketa
Urrezko Aizkolari Emakume Banakako Txapelketaren bosgarren jardunaldia lehiatu zen Beasainen, non Irati Astondoa eta Maika Aristegi aritu ziren nor baino nor. Astondoak lortu zuen garaipena orotara bere lanak amaitzeko 7 minutu eta 33 segundu behar izan zituelarik (erlojuaren contra 1´57´´ eta ondotik metro bateko perimetroa duten bi enbor mozteko azken proban 5 minutu eta 36 segundu behar izan zituen). Aristegik aldiz, 9 minutu eta 11 segundu erabili zituen guztira, erloju kontra 2´28´´ eta azken proban 6´43´´.
Garaipen honekin finalerako txartela eskuratu du Astondoak. Dagoeneko Nerea Sorondo sailkatuta dagoen arren, hirugarren finalista nor izango den hurrengo igandean, otsailaren 16an, jakingo da Oñatin: Maizka Ariztegi edo Itxaso Onsalo. Emakumezkoetan lau aizkolari ari dira lehian: Nerea Sorondo beratarra, Itxaso Onsalo aresoarra, Maika Ariztegi iturendarra eta Irati Astondoa bizkaitarra.
Harrijasotze Txapelketa
Bestalde, 2020 Urrezko Harrijasotze Txapelketako bosgarren jardunaldian Xabier Peña bera bakarrik aritu zen aurkaririk gabe. Egin beharreko lana, ahalik eta altxaldi gehien, 175 kiloko errektangularrarekin, 150 kiloko kubikoarekin eta 125eko bolarekin, bakoitzean bi minutuko txandak eginez.
Azkenean, laukizuzenari 7 jasoaldi eman zizkion, kubikoari 8 eta bolari 14, orotara 4.175 kilo altxatu zituelarik. Hurrengo jardunaldia Oñatin izango da datorren igandean, eta bertan Aimar Galarraga eta Urdax Magunazelaia arituko dira lanean.
Plazandreak saioaren ligaxkako lehen itzulia amaitu da
Reyes Azkoitiaren taldea bigarren postuan kokatu da, Mikel Inuntziagaren talderengandik puntu bakarrera
Getaria nagusi plaza libreko desafioan
Lapurdiko Getariako herrian zesta-puntako erronka antolatu zuten, non Zumaia eta Getariako hirukoteak neurtu ziren, plaza librean
Laxoa txapelketako final laurdenetako itzuliko partidak jokatu dira
Momentuz kanporaketa pasatzea lortu duten taldeak hauek dira: Arraioz Sagardia, Oitz eta Irurita Miguelene