EUSKAL PILOTA
Laboral Kutxa Udako Torneoko final handia ostegunean lehiatuko da
Buruz buruko lehiak garaipena eskuratzeko giltza izango dira, oso orekatua aurreikusten den Udako Torneoko finalean
Formatu berritzaile eta iraultzaile batek bete du emakumezkoen esku pilotarien uda berezi hau, baina ostegunean jokatuko den LABORAL KUTXA Udako torneoaren bezperan, urduritasun eta ilusioak betikoak dira pilotarien artean.
Ligaxkako sei jardunaldi eta bi finalerdien ondoren, Laboral Kutxa Udako Torneoa amaitzear da, eta ostegun honetan, abuztuak 27, jokatuko da final handia Bilboko Bizkaia pilotalekuan, bertan orainarteko bi talderik onenak elkarren aurka arituko direlarik: alde batetik, Mikel Inuntziagak zuzenduriko taldean aritzen diren Iera Agirre (Leitza), Amaia Aldai (Dima) eta Arrate Bergara (Bergara-Tutera), eta bestetik, Reyes Azkoitiaren aginduetara jokatzen duten Olatz Arrizabalaga (Gernika), Irantzu Etxebeste (Bera) eta Nora Mendizabal (Andoain).
Orain arteko partidak Irunen ia publikorik gabe jokatu diren arren, osteguneko final handia Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da, Covid-19aren aurkako protokoloak hala behartuta, gehienez 600 pertsonen aurrean. Jaialdia arratsaldeko 20.00etan hasiko da eta antolakuntzak jendeari gerturatzeko gonbitea luzatu dio, noski, musukoa jantzita eta segurtasun neurri guztiak errespetatuz.
Kirol alorrari dagokionean, izan daitekeen finalik handiena izango dela esan daiteke, Reyes Azkoitiaren taldea izan baitzen onena lehen ligaxkan eta, aldiz, finalerdietan Mikel Inuntziagaren neskek lortu baitzituzten emaitzik onenak. Horregatik, azken hauek gorriz janzteko ohorea izango dute.
Ligaxkan ere gauzak oso berdinduak izan ziren bi talde hauen artean, Reyes Azkoitiaren taldeak hiru partidak irabazi bazituen ere, markagailuak estu joan ziren: Olatz Arrizabalagak lau eta erdiko bi partidetan Amaia Aldairi irabazi zion 12-10 eta 12-11 eta bikoteen arteko lehian 12-8koa izan zen azken emaitza.
Bi kapitainek aurkezpenean jakitera eman dutenez, ez dute final eguneroko iraultza taktiko handiegirik egiteko asmorik eta pentsatzekoa da bi aurrelari bizkaitarrek jokatuko dituztela buruz buruko lehiak. Beraz, Arrizabalaga eta Aldairen arteko lehiak erabakiko du ziurrenik txapelduna nor izango den. Esan bezala, gernikarrak Dimakoari irabazi zizkion ligaxkan jokaturiko bi buruz burukoak, baina finalaren egunean edozer gerta daiteke.
Orain arte Emakume Master Cupeko final guztietan bezala, antolatzaileek jaialdi ikusgarri bat prestatuko dute ostegunerako eta nabarmentzekoa da baita ere, Irene Ortiz, gaur egun Bizkaian aritzen den epaile bakarra izango dela jaialdia zuzentzen. Alor honetan ere bada lanik eta etorkizunera begira emakumeei epaile lanetan aritzeko gonbita ere luzatu diete antolakuntzatik.
Euskal Selekzioa joko zuzenen Trobada Mediterranea txapelketan arituko da
Valentzia, Catalunya, Italia, Portugal eta Frantziako selekzioetako ordezkarien aurka lehiatuko da
Borteyru anaiek bere lehenengo San Migel Xare Irekia lortu dute
San Migel eta Gazteak Xare Irekien finalak jokatu ziren larunbatean, Iruran
Kopako finalarekin amaitu da Laxoa denboraldia
Mikel Mindegia, Josu Juanena, Joseba Juanena eta Javi Apeztegiak eskuratu zuten Kopako txapela