EUSKAL KIROLA
Kirolean generoaren araberako bereizketa abolitzeko manifestua
Urtero bezala, pasa den otsailaren 19an, kirol esparruko LGTBI+fobiaren aurkako eguna ospatu zen
Aurten, aldarrikapen egun honen harira Ikusgune – LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak eta Miaukatuz kirol klubak “Zuen gorrotoa ez da gure zelaietan kabitzen” izenburuko manifestua sinatu dute, kirolean generoaren araberako bereizketa abolitzearen alde.
Izan ere, azkeneko hilabeteotan kirolean hainbat homofobia kasu eman direla ohartarazi dute manifestuaren sortzaileek, besteak beste, Muskizen arbitro baten aurka gertatutakoa gogoratu dutelarik, nahiz eta ez den bakarra izan.
Miaukatuz Kirol Kluba 2014. urtean Gasteizen sorturiko boleibol kluba da, gizarte-integrazioa, sexu-orientazioaren eta generoaren aniztasuna eta tolerantzia kirol munduan bultzatzeko xedea duena. 2017tik aurrera, Sagardovolley nazioarteko txapelketa antolatzen du, LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko aldarria dena.
Ikusgune berriz, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia, homofobiaren, lesbofobiaren, bifobiaren eta transfobiaren aurkako behaketa sistema iraunkorra da. Lumagorri ZAT, Zisheterosexismoaren Aurkako Taldearen proiektu bat, Gasteizko Udalarekin elkarlanean aurrera eramandakoa.
Ikusgune behatokiaren eta Miaukatuz kirol klubaren arabera, gizonezkoen taldeen nagusitasunak emakumezkoen taldeen ikusezintasuna eta diskriminazioa eragiten du, egoera prekarioenetan eta infantilizatuetan kirolaz gozatu behar baitute.
Ildo horretan, arazoaren sustraietara jo nahi dute manifestuarekin, eta kirola oraindik ere balorazio biologiko eta genetikoetan oinarrituta zehazten dela salatu, eta jaiotzari esleitutako generoaren araberako bereizketa binarioa neurri transfoboa dela ohartarazi dute.
“Pertsona baten aurkako gorroto mezuak edo jarrerak zabaltzen direnean, helburua ez da pertsona zehatz bat, kolektibo oso baten aurkako gorroto-adierazpena baizik”, adierazi dute Ikusgunek eta Miaukatuzek.
Azkenik, bost neurri proposatu dituzte LGTBI+fobia kiroletik desagerrarazteko:
-Kirol munduan ematen den LGTBI+fobiaren existentziaren aitorpen esplizitua; eta kluben, taldeen eta federazioen ardura aitortzea jatorrian, baina baita arazo honekin bukatzeko duten potentzialean ere.
-LGTBI+fobikoa den erakusketa edo jarrera oro zelaietatik desagerraraztea.
-Erakusketa edo jarrera LGTBI+fobikoekin erlazionatuta dauden zigorren betekizuna ziurtatzea.
-Sentsibilizaziorako, kontzientziaziorako eta baloreen hezkuntzarako programak bultzatzea, administrazio publiko guztiak, taldeak, klubak eta federazioak partaide izanik.
-Generoaren araberako bereizketarekin amaitzea kirol eta kirol-kategoria guztietan.
‘Zuen gorrotoa ez da gure zelaietan kabitzen’ manifestua HEMEN
Athleticek eta Alavesek jokatuko dute Euskal Herriko Txapelketaren finala
FUTBOLA/EUSKAL HERRIA TXAPELA Gaur Alaves eta Athletic-en arteko partidan erabaki da Euskal Herriko Txapelketaren bigarren talde finalista. Athletic-ek lehen postua zihurtatua zuen, baina Babazorroek 1-0 lortutako garaipenari esker Reala aurretau dute eta...
Gasteizko Aurrerak erraz gailendu du Angeluko Genets.
FUTBOLA/EUSKAL HERRIA KOPA Apirilaren 9an, jokatu zen Gasteizko Aurrera- Genets partida Agurainen. 3-0 irabazi zuten arabarrak, partida osoan indartsuago ageriz. Aipatzeko ipaldekoen mailaren gorakada eta txapelketa honetan jokatzeko gogoa. Iñaki Beraza alkatea...
Oiartzun garaile Mulierren aurka penaltika
FUTBOLA/EUSKAL HERRIA KOPA Partida bikaina jokatu da Mutiloan ( Nafarroan),apirilaren 8an bertako Mulier taldea eta Oiartzunen artean, binakako berdinketa eman da eta 8 penalti behar izan dira garailea erabakitzeko.Aurretik joan Oiartzun partidan zehar baina...