EUSKAL KIROLA
Kirolean generoaren araberako bereizketa abolitzeko manifestua
Urtero bezala, pasa den otsailaren 19an, kirol esparruko LGTBI+fobiaren aurkako eguna ospatu zen
Aurten, aldarrikapen egun honen harira Ikusgune – LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak eta Miaukatuz kirol klubak “Zuen gorrotoa ez da gure zelaietan kabitzen” izenburuko manifestua sinatu dute, kirolean generoaren araberako bereizketa abolitzearen alde.
Izan ere, azkeneko hilabeteotan kirolean hainbat homofobia kasu eman direla ohartarazi dute manifestuaren sortzaileek, besteak beste, Muskizen arbitro baten aurka gertatutakoa gogoratu dutelarik, nahiz eta ez den bakarra izan.
Miaukatuz Kirol Kluba 2014. urtean Gasteizen sorturiko boleibol kluba da, gizarte-integrazioa, sexu-orientazioaren eta generoaren aniztasuna eta tolerantzia kirol munduan bultzatzeko xedea duena. 2017tik aurrera, Sagardovolley nazioarteko txapelketa antolatzen du, LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko aldarria dena.
Ikusgune berriz, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia, homofobiaren, lesbofobiaren, bifobiaren eta transfobiaren aurkako behaketa sistema iraunkorra da. Lumagorri ZAT, Zisheterosexismoaren Aurkako Taldearen proiektu bat, Gasteizko Udalarekin elkarlanean aurrera eramandakoa.
Ikusgune behatokiaren eta Miaukatuz kirol klubaren arabera, gizonezkoen taldeen nagusitasunak emakumezkoen taldeen ikusezintasuna eta diskriminazioa eragiten du, egoera prekarioenetan eta infantilizatuetan kirolaz gozatu behar baitute.
Ildo horretan, arazoaren sustraietara jo nahi dute manifestuarekin, eta kirola oraindik ere balorazio biologiko eta genetikoetan oinarrituta zehazten dela salatu, eta jaiotzari esleitutako generoaren araberako bereizketa binarioa neurri transfoboa dela ohartarazi dute.
“Pertsona baten aurkako gorroto mezuak edo jarrerak zabaltzen direnean, helburua ez da pertsona zehatz bat, kolektibo oso baten aurkako gorroto-adierazpena baizik”, adierazi dute Ikusgunek eta Miaukatuzek.
Azkenik, bost neurri proposatu dituzte LGTBI+fobia kiroletik desagerrarazteko:
-Kirol munduan ematen den LGTBI+fobiaren existentziaren aitorpen esplizitua; eta kluben, taldeen eta federazioen ardura aitortzea jatorrian, baina baita arazo honekin bukatzeko duten potentzialean ere.
-LGTBI+fobikoa den erakusketa edo jarrera oro zelaietatik desagerraraztea.
-Erakusketa edo jarrera LGTBI+fobikoekin erlazionatuta dauden zigorren betekizuna ziurtatzea.
-Sentsibilizaziorako, kontzientziaziorako eta baloreen hezkuntzarako programak bultzatzea, administrazio publiko guztiak, taldeak, klubak eta federazioak partaide izanik.
-Generoaren araberako bereizketarekin amaitzea kirol eta kirol-kategoria guztietan.
‘Zuen gorrotoa ez da gure zelaietan kabitzen’ manifestua HEMEN
Herri kirol jaialdia Oñatin
Ariztegi eta Onsalo aitu ziren emakumeen aizkoran. Gizonezkoetan 23 urtez azpiko lau bikote nor baino nor. Harrijasotzean berriz, Galarraga Magunazelaiaren aurka.
Emakumea Pilotari Txapelketako finalak lehiatu dira Zestoan
Lehen mailan, Arrieta eta Mendizabal 22 eta 21 gailendu zitzaizkien Espinar eta Nora Mendizabali. Bigarren mailan Tolosa-Arraizak 22-10 irabazi zieten Agirre-Berrocali
Athletic 0-1 Osasuna
Osasunak irabazi du IV. Euskal Herria Txapela 2019/20 edizioaren bigarren bueltako hirugarren partida. Garaipen honekin sailkapenaren hirugarren tokira gora egin du. Zazpi puntu ditu orain