EUSKAL KIROLA
Kirolean generoaren araberako bereizketa abolitzeko manifestua
Urtero bezala, pasa den otsailaren 19an, kirol esparruko LGTBI+fobiaren aurkako eguna ospatu zen
Aurten, aldarrikapen egun honen harira Ikusgune – LGTBI+fobiaren aurkako behatokiak eta Miaukatuz kirol klubak “Zuen gorrotoa ez da gure zelaietan kabitzen” izenburuko manifestua sinatu dute, kirolean generoaren araberako bereizketa abolitzearen alde.
Izan ere, azkeneko hilabeteotan kirolean hainbat homofobia kasu eman direla ohartarazi dute manifestuaren sortzaileek, besteak beste, Muskizen arbitro baten aurka gertatutakoa gogoratu dutelarik, nahiz eta ez den bakarra izan.
Miaukatuz Kirol Kluba 2014. urtean Gasteizen sorturiko boleibol kluba da, gizarte-integrazioa, sexu-orientazioaren eta generoaren aniztasuna eta tolerantzia kirol munduan bultzatzeko xedea duena. 2017tik aurrera, Sagardovolley nazioarteko txapelketa antolatzen du, LGTBI+ pertsonen eskubideen aldeko aldarria dena.
Ikusgune berriz, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokia, homofobiaren, lesbofobiaren, bifobiaren eta transfobiaren aurkako behaketa sistema iraunkorra da. Lumagorri ZAT, Zisheterosexismoaren Aurkako Taldearen proiektu bat, Gasteizko Udalarekin elkarlanean aurrera eramandakoa.
Ikusgune behatokiaren eta Miaukatuz kirol klubaren arabera, gizonezkoen taldeen nagusitasunak emakumezkoen taldeen ikusezintasuna eta diskriminazioa eragiten du, egoera prekarioenetan eta infantilizatuetan kirolaz gozatu behar baitute.
Ildo horretan, arazoaren sustraietara jo nahi dute manifestuarekin, eta kirola oraindik ere balorazio biologiko eta genetikoetan oinarrituta zehazten dela salatu, eta jaiotzari esleitutako generoaren araberako bereizketa binarioa neurri transfoboa dela ohartarazi dute.
“Pertsona baten aurkako gorroto mezuak edo jarrerak zabaltzen direnean, helburua ez da pertsona zehatz bat, kolektibo oso baten aurkako gorroto-adierazpena baizik”, adierazi dute Ikusgunek eta Miaukatuzek.
Azkenik, bost neurri proposatu dituzte LGTBI+fobia kiroletik desagerrarazteko:
-Kirol munduan ematen den LGTBI+fobiaren existentziaren aitorpen esplizitua; eta kluben, taldeen eta federazioen ardura aitortzea jatorrian, baina baita arazo honekin bukatzeko duten potentzialean ere.
-LGTBI+fobikoa den erakusketa edo jarrera oro zelaietatik desagerraraztea.
-Erakusketa edo jarrera LGTBI+fobikoekin erlazionatuta dauden zigorren betekizuna ziurtatzea.
-Sentsibilizaziorako, kontzientziaziorako eta baloreen hezkuntzarako programak bultzatzea, administrazio publiko guztiak, taldeak, klubak eta federazioak partaide izanik.
-Generoaren araberako bereizketarekin amaitzea kirol eta kirol-kategoria guztietan.
‘Zuen gorrotoa ez da gure zelaietan kabitzen’ manifestua HEMEN
Euskal Herriko selekzioak bi urre irabazi ditu Munduko Txapelketan
Emakumezkoen 500 kiloko mailan eta gizonezkoen 560 kilokoan nagusitu dira euskal tiratzaileak
Beste domina bat euskal taldeentzat Mundialaren bigarren jardunaldian
Erandioko Goiherri taldeak brontzea lortu du 23 urtez azpiko 600 kiloko mailan
Silvia Triguerosek irabazi du Tor des Geants lasterketa
Abadiñarra proba hiru aldiz irabaztea lortzen duen lehen emakumea bihurtu da