HERRI KIROLAK/AIZKORA

Julen Alberdik irabazi du Urrezko Aizkolari Txapeldunen Liga

by | 2020/10/12

Argazkiak: egursport.com

Julen Alberdi ‘Txikia IV’.ak erraz irabazi du Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala

 

Pasa den larunbatean jokatu zen Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala Azpeitian. Txikia IV.ak eta Mikel Larrañagak lehia estua izan zuten hasieran, baina aise nagusitu zen azkoitiarra lanekin aurrera egin ahala.

Herri kirolen jaialdi interesgaria lehiatu zen asteburuan Izarraitz pilotalekuan. Bertan, EgurSportek antolatutako Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala izan zen, 18:30ean hasita. Halaber, Harrijasotzaileen Binakako Txapelketako lehen jardunaldia ere jokatu zen.

Ez zen zale askorik izan frontoian, baina, halere, lehia ederra ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek. Lau aizkolari aritu ziren nor baino nor gehiago: Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra, Ugaitz Mugertza mutrikuarra eta Jon Rekondo leitzarra. Egin beharreko lana honakoa: bost izakeratako 35 enbor ebaki behar zituzten.

Azkenean Txikia IV.a azkoitiarrak lortu zuen txapela, abuztuan Urrezko Aizkolarien Txapelketa irabazi zueneko maila berretsita. Txikia IV.ak 24 minutu eta 50 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko, eta bigarren sailkatu zen Larrañagak, berriz, 27 minutu eta 45 segundo. Atzetik sailkatu ziren Rekondo (29:58) eta Mugertza (30:28).

Bide batez, Harrijasotzaileen Binakako Txapelketako lehen jardunaldia ere lehiatu zen Izarraitzen. Jon Unanue Goenatxo III.a eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a elkarrekin aritu ziren lehian, eta bien artean 62 jasoalditan 7.105 kilo altxatuta, marka ezarri zuten. Goenatxo III.ak zazpi aldiz altxatu zuen 175 kiloko laukizuzena; Izeta IV.ak 25 aldiz ehun kiloko zilindro zaharra; Goenatxok III.ak hamar jasoaldi eman zizkion 138 kiloko kubikoari; eta Izeta IV.ak 20 aldiz jaso zuen ehun kiloko bola.

Gizonezkoen txapelketa horretan parte hartuko dute honako bikote hauek ere: Jokin Eizmendik eta Gorka Etxeberriak; Julen Diazek eta Mikel Lopetegi Urra-k; Urdax Magunazelaiak eta Jon Irañetak; eta Aimar Galarragak eta Jagoba Otaegik. Bikote bakoitzak bi sailkapen jardunaldi jokatu beharko ditu, eta bi jardunaldietan kilo gehien batzen dituzten hiru bikoteek jokatuko dute finala, abenduaren 31n.

Sailkapen saioetan, bi minutuko txandetan altxatu beharko dituzte lau motatako harriak —175 kiloko laukizuzena, 138 kiloko kubikoa, 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko bola—, eta hiru minutuko txandetan finalean.

Bestalde, emakumeen harri-jasotze erakustaldia eskaini zuten Karmele Gisasola Zelai III.ak eta Udane Ostolazak. Virginia Finolek ere parte hartzekoa zen, baina azkenean ez zuen Azpeitiako saioan egoteko aukerarik izan, min hartuta zegoelako.

Share This